Lazkaoko ikastolak ibilaldi neurtuekin hasiko du urteurreneko ospakizuna
Lazkaoko ikastolaren lehendabiziko urteetan ibili ziren ikasle ohiek ondo gogoratzen dute orduko ohitura bat: ikuskatzailea etorritako egunean mendi aldera pasieran eramaten zituzten haurrak, ikastola klandestinoa izaki, geletan ez aurkitzeko. Igandean ere antzeko zerbait egingo dute lehengo eta oraingo ikasleek, San Benito sortu zuteneko 50. urteurreneko ospakizunak hasteko mendi ibilaldiak izango direlako.
Ikastetxeko kide guztiek goza ahal izan dezaten, bi ibilbide prestatu ditu antolakuntzako lantaldeak. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik aurrerako ikasleentzat —zortzi urtetik gorakoak— ibilaldi neurtu erako txangoa prestatu dute, kontrol guneekin. 08:30ean plazatik abiatuko dira, eta Beiztindik Atxutxera (Lazkaomendi) igo, handik Lazkaoetxera jaitsi, eta Amundaraingo gainetik atzera Lazkaora itzulita amaituko dute, 12:00ak inguruan.
Hamar kilometro pasako bidea da, hiru ordu eta erdian osatu beharrekoa. Beiztinen, Atxutxen, Lazkaoetxen eta Amundarainen jarriko dituzte kontrolak, eta txartela sinatu beharko da horietan. Helmugan txartelak itzuliko dituzte partaideek.
Ibilaldi neurtua taldetxoetan egin behar da, gutxienez hiru eta gehienez bost lagunekoetan. 16 urtetik gorakoak nahiz gurasoak ez dira taldeko kide bezala aintzat hartuko, laguntzaile gisa baizik. Izena martxoran eman behar zen.
Zortzi urtez behetikoek eta haien familiek txango motzagoa eta errazagoa egingo dute. Ordu eta laurden inguruko ibilian, plazatik abiatu, Enparandegitik Beiztinera, eta zeharrik zehar Imaz baserritik Hirutxikira jaitsiko dira. Zubierreka industrialdetik barrena hartuko dute itzulerako bidea. 10:00etan hasiko da, eta izena 09:30erako eman behar da.
Argazki lehiaketa bide luzean
Ikastolaren mende erdiko historia ospatzeko lehen ekitaldia da, eta ibilbide luzea egiten dutenentzat argazki lehiaketa ere antolatu dute. Talde edo patruila bakoitzak bi argazki bidali ahalko ditu (lazkao@ikastola.net), taldearen zenbakia jarrita. Epaimahaiak onena aukeratuko du, eta ikastolaren aldizkarian argitaratuko dute irudi hori. Gainontzekoak, webgunean (sanbenito.net).
Argitarapen bereziak osatzeko ere erabiliko dituzte ibilaldietako argazkiak. Liburu eta DVDak egiten ari dira, ikastolaren historia hasieratik gaurdaino jasotzeko.
Bestetik, ibilbidean barrena intereseko lekuetan idatziak aurkituko dituzte ibiltariek; zuhaitzen izenak eta berezitasunak ikasteko modua izango da hala. Seinaleak errespetatzeko eskatu dute, eta norbere zaborra norberak jasota bueltan ekartzeko. Hamaiketakoa bakoitzak berea eraman behar du.
Mendi martxen festa bukatzeko, eguerdian zozketak egingo dituzte plazan. Bi ibilaldietan irteten diren guztiak sartuko dira. Frontoi atzeko horman eskalatzeko aukera izango da, baita soka-orekan aritzekoa ere.
San Benitoren urteurreneko ekitaldi nagusiak maiatzaren 25ean eta 26an ospatuko dira. Ekainaren lehenean, berriz, rallya egiteko asmoa dago.