Goi tentsioko linearen aurkako eguna antolatu dute Seguran larunbaterako
Larunbatean goi tentsioko linearen aurkako eguna ospatuko da Seguran. Azpiegitura honen aurkako plataformak antolatu du.
Ekitaldia atzo aurkeztu zuten Segurako kultur etxean. Mahaian Eluska Gerriko Segurako alkatea, Iñaki Ugalde Mutiloako alkatea eta Itxaro Alustiz Zeraingo zinegotzia eseri ziren. Hainbat herritarren babesa eduki zuten.
Festa 12:00etan hasiko da. Ordu horretan informazio gunea jarriko da plazan. Bertan, proiektuak zeharkatzen dituen herrien izenak eta egitasmoaren nondik norakoak azaltzen dituzten panelak ipiniko dira.
Ondoren, 13:00etan, triki-poteoa hasiko da. Bukatzeko, 14:30ean kantu-bazkaria egingo da. Helduek 15 euro ordaindu behar dute. Paella, haragi gisatua eta postrea jango dituzte. Haurren menuak 8 euro balio du. Makarroiak, solomoa eta postrea jango dituzte. Zeliakoei eurentzako egokia den menua zerbitzatuko zaie, aurrez eskatzen badute.
Txartelak Zegamako Txantonen, Segurako Elorripen, Zeraingo ostatuan eta Mandion, Ormaiztegiko Zipotzen, Ordiziko Herrikon, Beasaingo Arranon eta Mutiloako eta Gabiriako ostatuetan daude salgai, etzi arte.
Udal ordezkariek goierritarrei goi tentsioko linearen aurkako egunean parte hartzeko gonbita luzatu diete. Izan ere, REE Red Eléctrica Española enpresako ordezkariek ez dute atzera egiteko inongo arrazoirik ikusten. «Proiektuaren inguruan dauden berriak ez dira batere onak eta orain da, denok bat eginda, proiektuaren aurka egiteko unea. Gure inguruneak, paisaiak, lurraldeak, ondareak eta osasunak asko balio dutelako», aipatu zuen Ugaldek.
REE enpresakoak ez dira iritzi berekoak nonbait. Hilaren 8an Udal ordezkariekin elkartu ziren eta egitasmoaren nondik norakoak maiatzean edo ekainean azalduko dituztela esan zieten. Ondoren, hilabeteko epea izango dute alegazioak aurkezteko. REEk 2016an hasi nahi ditu lanak. Ordurako kontsumoak gora egingo duela eta azpiegitura hau beharrezkoa izango dela dio.
Linea berriko dorreak egungoak baino askoz altuagoak dira. Zaharrek 35 metro ingurukoak dira eta berriak 80 metrora heltzen dira (Donostiako Atotxa eraikina baino altuagoak). 10×10 metroko oinarria dute eta trazatu guztian, 70 metroko zabaleran, zuhaitzak landatzea oztopatzen dute.
REEk Zegama, Segura, Zerain, Mutiloa, Gabiria eta Idiazabalen jarri nahi ditu dorre hauek.