Itsasondon liburuak denen eskura
Itsasondoko Udalak salgai ditu bibliotekako ale zaharrak. Haur liburuen merkatua egingo dute bihar, eta azoka plazan jarriko dute ostiralean.
Liburuaren nazioarteko eguna da gaur. Jakintzaren gordailu eta hedatzaile, ekitaldi ugari egingo dira Goierri osoan, bai gaur, bai astean zehar. Itsasondon, adibidez, udal liburutegiko funts zaharrak saltzeko azoka berezia egingo dute, ostiralera arte.
Udaletxeko eraikina iaz berritu ondoren, bibliotekan zaharkituta edo lekua hartzen zeuden liburuak salmentara atera ditu udalak. Atzo izan zen lehenbiziko eguna. Astean zehar, goizetan erosi ahalko dira. Bost liburu 3 euroan oparituko dituzte.
Denera 3.000 liburu inguru atera ditu udalak. Zaborretara bota nahi ez, eta herritarren —itsasondoar nahiz kanpotar— eskura ipini dituzte. Eskola eta beste talde batzuk ere hornituko dira.
Udaletxeko lehen solairuan —oraindik berritu gabe— daude liburuak, mahaietan zabalduta nahiz kaxetan pilatuta. Literaturakoak —euskaraz zein gaztelaniaz— dira asko, olerki, antzerki eta eleberri bakarren bat. Baita ikerlanak ere, edo erakundeek argitaratutako monografikoak… Bideoak eta DVDak ere badira.
Liburutegi berritua udaletxearen eskuin hegaleko behealdean kokatu du udalak. Han 4.000 ale inguru ditu.
Bihar, berriz, haur liburuaren azoka txikia egingo dute Itsasondon. Jostailu bat bi libururen truke aldatu ahalko da. Eta, ostiralean, 17:00etatik 19:00etara, Gaztelekuko gazteek antolatuta liburu azoka plazan izango da.
![pnga_erakutsi](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/04/pnga_erakutsi31.gif)