EAJko Aitor Madina eta Javier Iraola osoko bilkura uzten zuten unean.
EAJko, PSE-EEko eta Hamaikabateko (H1!) ordezkarien aulkiak hutsik amaitu da Legazpin, apirileko osoko bilkura. Hondakinen gaia izan da, beste behin, udal gobernuaren eta oposizioko alderdien arteko haustura bultzatu duena. Udal gobernuak urgentziaz sartu duen Legazpi Zero Zabor taldearen mozio bat izan da bi aldeen arteko eztabaida sortu duena.
Azkeneko osoko bilkura normaltasunez gauzatu zen atzo iluntzean, Kepa Urtzelai alkateak urgentziaz sartu beharreko mozio bat zegoela jakinarazi zuen arte. Legazpi Zero Zabor taldeak hondakinen gaiaren inguruan idatzitako mozio bat zen, azken unean helarazitakoa, eta urgentziaz onartu beharrekoa.
EAJko Javier Iraolak mozioa «azken unean jaso» zutela eta, atseden bat eskatu zuen «gaia aztertzeko». Mozioa «mahai gainean uztea» ere proposatu zuen «ez zuela urgentziarik» argudiatuta. Iraolarekin bat etorri zen H1!-eko Arantza Arizmendi, baita PSE-EEko Oscar Valbuena ere. Urgentea herri galdeketaren inguruan udal gobernuaren «iritzia zein den jakitea» dela gaineratu zuen Valbuenak. Alkateak, 10 minutuko atsedenaldia onartu zuen, eta oposizioko alderdietako ordezkariak areto nagusitik kanpora irten ziren gaia aztertzera.
Osoko bilkura berrabiarazita, Iraolak «ez zutela urgentzia bozkatuko» eta ez zutela eztabaida horretan parte hartuko esan zuen oposizioaren izenean. Alkatea, kontrara, mozioaren urgentzia bozkatzearen alde agertu zen, gaia lantzeko «une egokia izan zitekeela» argudiatuz. Herri galdeketaren emaitza ofiziala jasotzen duen txostena, «asteazken arratsaldean» jaso zutela, eta hori aztertu aurretik «ezin dutela balorazio bat egin» esan zuen. Beraien hausnarketa plataformari helaraziko diote lehenengo, eta ondoren egingo dute agerraldi publikoa, Urtzelaik esan zuenez. Gauzak horrela, Bildu ez beste alderdietako zinegotzi guztiak areto nagusia utzi zuten berriz, ez bueltatzeko.
«Konpromiso etikoaren» alde
Legazpi Zero Zabor taldeko kideak bertan ziren, eta zinegotziak aretoa uzten zuten bitartean «azalpenik eman behar ote zuten» galdetu zion Eñaut Unamuno taldeko kideak Iraolari. Honek, «hitz egingo dugu» batekin erantzun zion. Behin, oposizioko zinegotziak kalean, Unamunok aurkeztutako mozioa irakurtzeari ekin zion.
Legazpiko herritarrek «urtean 3.500 tona hondakin» sortzen dute, eta horietatik gehienak «nahastu eta zabor bihurtzen» dira. Herrian «nahi ez dugun zabor hori, beste herri batzuetara bidaltzen dugu» eta beste herritar batzuk «pairatzen dituzte guk sortutako zaborraren ondorioak», dio mozioak. Horregatik, legazpiarren zaborra jasotzen duten herrietako biztanleei «ahalik eta kalterik txikiena eragiteko» konpromiso etiko bat bere egiteko eskatu diote udalbatzari. Hala, «ahalik eta hondakin gutxien sortzeko, sortutako zaborra nahasi gabe biltzeko sistema ezartzeko eta herritarren parte hartzea bultzatzeko» konpromisoa hartu du Legazpiko udalak, besteak beste, azkenean, Bilduren aldeko botoekin onartu zen mozio honen bitartez.
Igor Urrate ingurumen zinegotzia bat etorri zen mozioak biltzen dituen puntu guztiekin. «Solidarioak izan behar dugu zabortegiak edo errauskailuak dituzten beste herriekin. Bestelako jarrera bat izatea ez da bidezkoa», amaitu zuen.