
Bertsolaritza abestuz, errimatuz eta neurtuz egiten den berbaldia da definizioz. Ahozko euskal literaturaren adar nagusietako bat ere bai. Bertsolaritza herri baten, hizkuntza baten eta izaera jakin baten isla dela esan daiteke. Transmisioaren emaitza da, ahoz nahiz idatziz euskaldunek mendeetan iraunarazi dutena. Egun, bertso eskolak dira bertsolaritzaren habia eta hazia. Hiru hamarkada igaro dira sortzen hasi zirenetik, eta gaur egun unerik gozoenean daudela esan daiteke. Etzi, Gipuzkoako bertso eskolek euren eguna ospatuko dute Pasaian.
Gipuzkoako IX. Bertso Eskolen Eguna ospatuko da zehazki datorren igandean Pasaian, Gipuzkoako Bertsozaleen Elkarteak antolatuta. Amaia Agirre bertsolaria eta elkarteko kidea da, eta, azaldu duenez, «bertso eskoletan dabiltzan gazteentzat antolatzen den egun osoko festa da». Festaren helburua, bertsoa ardatz hartuta, «ondo pasatzea eta beste herrietako bertsozaleekin harremana sendotzea da». Goizean, herriko plazan elkartuko dira guztiak, eta taldeak osatuko dituzte jolasen bidez. Eguneko egitaraua sekretupean gorde nahi dute, baina «ipuin kontalari bat» izango dela aurreratu du Agirrek.
Bertsolaria izan edo egin
Bertso eskolen jatorriaren berri izateko, atzera egin behar da. Agirrek gogoan duenez, «1980ko hamarkadaren hasieran hasi ziren sortzen, Xabier Amurizaren ekimenez, eta, geroztik, Euskal Herri osoko hainbat herritan egin dute euren habia». Hasieran, bidea ez zen erraza izan. «Bertsolaria jaio edo egin» zen dilema. Lazkao Txikik zioen moduan, «lehenengo jaio egin behar da, ondoren izateko».
Bertsotan ikasi egiten dela uste du Agirrek. Bertso bat osatzea «erraza» da, bertso ona egitea, «zaila», eta bertsolari izatea, «are zailagoa». Bertsolari izatea ez da bertsotan egitea soilik, «horren atzean ahalegin handia dago, eta jendaurreko eginkizunak betebehar asko dakartza berarekin».
Egun, baina, eztabaida hura gaindituta dago. Are gehiago: «Bertsotan ikasi egin daitekeela» frogatuta dago. Gaur egun, plazetan dabiltzan «ia denak» bertso eskoletan zaildutakoak dira. Andoni Egaña haratago doa, «bertso eskolak bizitza eskolak» direla baieztatzeraino. Agirre bat dator, bertso eskoletan bertsotan egiten ikasteaz gain «beste balio batzuk ere» barneratzen direlako.
Guztiak bezala, bertso eskolek ere bilakaera bat izan dute urteen joanean. Duela 30 urteko eskoletan bat-bateko jardunera bideratzen ziren ikasleak. Gaur, ezin daiteke horrelako baieztapenik egin. «Bertsogintza oso esparru zabala da, eta denentzat dago lekua». Horregatik, bertsolariak ez ezik, «epaileak, gai-jartzaileak eta bertsozaleak sortzea ere ezinbestekoa da». Lehen, «frustrazio handiak» sor zitezkeen, eta, orain, irakasteko moduak eta langaiak «asko aldatu» dira.
Autonomoak eta ezberdinak
Aldaketak aldaketa, bertso eskolen gaur egungo egoera «osasuntsua» da; herri askotan oso finkatuta eta errotuta daude. Debaldeko lana izan da urte askotan, eta, oraindik ere, hala da, nolabait, eta horrek «lan eskerga eskatzen du asteroko eta urteroko lanetan». Hala ere, egiteko asko dago oraindik etorkizunean. «Bertso eskolen arteko sarea eraikitzen ari gara urtez urte, eta oraindik ere lana oso banakakoa den arren, poztuko nintzateke aurrera begira katebegi guztiek elkarrekin lotura izatea lortuko bagenu», azpimarratu du Agirrek.
Elkarlana funtsezkoa den arren, eskola bakoitzaren egituraketak, funtzionamenduak eta filosofiak ez du besteekin zerikusirik. Hasieratik izan da horrela. «Ume, gaztetxo zein helduek osatutako bertso eskolak daude. Batzuk autonomoak dira, beste batzuetan irakaslea kanpotik dator, eta beste batzuetan gehiago daude antolakuntzara begira».
Jakina da bertso eskolek bertsolaritzan eragin nabarmena izan dutela. Eskolek «abanikoa zabaldu dute»; hala ere, «neska-mutil asko hasten dira bertsotan, baina plazara gutxi batzuk iristen dira». Dena den, bertso eskolek «herriko dinamikan izan dute eraginik nabarmenena, bertsolaritzaren sostengu eta abiapuntu diren neurrian».
Xabier Amurizak ereindako haziaren emaitza dira bertso eskolak, baina, Agirrek esan duenez, «gerora irakasle eta bidelagun asko egon dira». Eta, oraindik, badaude. Horregatik, etorkizunera begirako asmorik ez zaie falta. «Eskola bakoitzak bere martxa jarraitzea litzateke onena. Gipuzkoako Bertsozale Elkartea eginkizun horretan laguntzeko prest dago». Helburuen artean daude elkarlana sustatzen jarraitzea eta gazte zein helduek bertsoarekin gozatzeko parada bermatzea.
Etorkizunera begiratzea, aurrekoek utzitako ondarea ahaztu gabe. Horixe erronkarik handiena. XIX. mendekoak dira lehendabiziko zantzu idatziak. Garai hartako bertsolari ezaguna da, oraindik orain, Xenpelar. Hortik aurrera zerrenda nahi adina luzatzen da: Pello Errota, Txirrita, Uztapide, Basarri, Xalbador, Lazkao Txiki, Amuriza, Egaña, Murua, Iturriaga, Elortza, Irazu, Lujanbio… Eta, noski, egun oholtza gainean eta bertso eskoletan ernetzen ari diren etorkizuneko bertsolariak.
Herri baten historiaren zati dira guztiak. Bizitzaren eskolan hazi eta hezitakoak.
«Euskara tresna gisa eta jolas moduan aurkezten den lekua da bertso eskola»
Bederatzi urte zituela hasi zen Amaia Iturriotz (Urretxu, 1993) Urretxu-Zumarragako bertso eskolan. Bertan bizitza erdia eman du, eta oraindik orain ere han jarraitzen du. Ikasle izateari utzi gabe, irakasle lanetan ere badabil, berari irakatsitakoa beste batzuei itzultzeko asmoz, hark esan duenez. Bertso eskola bizitza eskola izan da Iturriotzentzat ere, bertsotan ikasteko ez ezik, beste balio batzuk ezagutzeko eta horiek barneratzeko gunea ere izan baita harentzat.
Bederatzi urte zenituela hasi zinen bertso eskolan.
Bai. Hasieran ez nuen serio hartu; ondo pasatzeko modu bat zen niretzat, aisialdia beste modu batean pasatzekoa. Denborarekin gustua hartu nion, eta, oraindik ere, 20 urterekin bertso eskolen munduari lotuta jarraitzen dut.
Nola?
Ikasle izateari utzi gabe. Urretxu-Zumarragako bertso eskolan 9 eta 11 urte arteko haurrekin irakasle lanetan nabil. Ostiral arratsaldetan ematen ditugu klaseak, eta aurtengo ikasturtea da lehenengoa. Niri urte hauetan guztietan irakatsi didatena bueltan emateko modu bat dela iruditzen zait.
Baina irakasle lana Urretxu-Zumarragatik kanpora ere egiten duzu.
Bilbon ikasten dudanez, helduez osatutako talde batekin ere banabil han irakasle lanetan. Euskaraz mintzatzeko, euskara erabiltzeko modu bat ere bada guztiontzat. Oso gustura nabil. Horretaz gainera, Santutxuko bertso eskolara ere joaten naiz, bertsotan egitera.
Nolako bilakaera izan du zugan bertsoarekiko duzun zaletasunak?
Hasieran jolas moduan hartu nuen, esan bezala; baina denborarekin zerbait serioagoa bihurtuz joan zen. Gaur egun ere zaletasuna da niretzat, aisialdiaz gozatzeko dudan modu bat. Orain lehen baino denbora gehiago eskaintzen diot zaletasun horri.
Zaletasun horretaz gain, zer eman dizu zuri bertso eskolak?
Bertso eskola bertsotan ikasteko leku bat baino gehiago izan da niretzat. Beste zenbait balio irakatsi dizkit, eta horiek barneratzen ikasi dut. Besteekiko harremanetan sakontzeko aukera eman dit, nire lagun taldea oso gaztetatik irekitzen eta herrian nahiz kanpoan jende ezberdina ezagutzen.
Zer da bertso eskola zuretzat?
Esan dudanaz gain, bertso eskola euskara tresna gisa erabiltzeko eta jolas moduan aurkezten den leku bat da. Lagun artean egoteko eta ongi pasatzeko gunea ere bada.
Zer eragin izan dute bertso eskolek bertsogintzan?
Bertso eskolek bertsotan egiteko teknikoki oso ongi prestatutako bertsolariak zaildu dituzte. Garai batekoek izan ez zuten irakasbidea izan dugu belaunaldi berriek. Bestalde, bertsolarien beren eta bertsolaritzaren homogeneizazioaz ere hitz egin litekeela esango nuke. Egun, oholtza gainean gabiltzan bertsolari gehienak bertso eskoletatik gatoz.
Pasaiako Bertso Eskolen Egunean parte hartuko duzu?
Bai, Urretxu-Zumarragako bertso eskolakoekin joango naiz.