Atez ateko bilketa sistemari buruzko prozesua hasiko dute Ordizian
Hondakinen %80 baino gehiago birziklatzea helburu hartuta, eta orain artean ezagutzen diren sistemen artetik emaitzarik onenak ematen dituela iritzita, Ordizian ere, Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon bezalaxe, atez ateko sistema berria eta pertsonalizatua ezartzeko parte hartze prozesua abiatuko dute Ordizian. Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko presidenteak eta Igor Eguren alkateak eman dute prozesuaren berri, atzo udaletxean egin zuten agerraldian.
Nola Eskola enpresak Sasieta Mankomunitatearekin eta Ordiziako Udalarekin elkarlanean diseinatutako prozesua datorren astelehenean abiatuko da, maiatzaren 6ean, eta hilabete inguru iraungo du. «Atez ateko hondakinen bilketa egiteko Sasietak proposatzen duen eredua irekia da, eta hainbat alderdi herritarrekin batera eztabaidatzeko eta erabakitzeko aukera ematen du», nabarmendu du Andonegik.
Bilerak, auzoka banatuta
Prozesu horretan zintzilikarioak jarri bai edo ez, eta non eta nola kokatu erabakiko da, besteak beste. Herritarren parte hartzea ahalik eta «handiena eta eraginkorrena» izan dadin, taldeak osatu dira. Auzokako bilerez gain, udal langileekin, jubilatuekin, merkatariekin, gazteekin edota eskolako kideekin ere bilerak egin dituzte dagoeneko udaleko kideek. Saio guztiak bukatzean, bi batzar ireki egingo dira –bat euskaraz eta bestea gazteleraz–, eta herritarren ekarpen guztiak jasota, hondakinen bilketarako behin-betiko sistema zehaztuko da.
Igor Egurenek prozesuan inplikatzeko deia egin die herritarrei, argi baitauka egitasmo honek «herri iraunkorragoak eraikitzeko» balioko duela. «Herrian jartzera goazen zabor bilketa berriaren bidez, %80 baino gehiago birziklatzea lortu nahi dugu, baina horretarako herritar guztien ahalegina beharrezkoa da».
Atez atekoa ezartzeko data zehatzik ez dagoela esan du Egurenek kazetarien galderei erantzunez, baina «udaren bueltan» izango dela aurreratu du. Herrian zintzilikatuta dauden zabor poltsei buruz ere galdetu diote, eta alkateak adierazi du edonork duela zilegitasuna protesta egiteko. «Birziklatzeko moduarekin ados ez gaude agian, baina denak ados gaude ahalik eta gehien birziklatu nahi dugula».
Bileren egutegia:
- Hasierako batzar orokorrak. Maiatzaren 6an euskaraz, eta maiatzaren 7an gazteleraz. Herri Antzokian, 18:30ean.
- Altamira, Majori eta Otegienea. Maiatzaren 8an euskaraz, eta 9an gazteleraz. Oianguren institutuan (18:30).
- Buztuntza. Maiatzaren 13an euskaraz, eta 14an gazteleraz. Urdaneta eskolan, 18:30ean.
- San Joan, Filipinak, Arana eta Arramendi. Maiatzaren 15ean euskaraz, eta 16an gazteleraz. Udaletxean, 18:30ean.
- Eskarabilla, San Bartolome. Maiatzaren 20an euskaraz, eta 21ean gazteleraz. Udaletxeko pleno aretoan, 18:30ean.
- Erdigunea, Lukusain, Domingo Unanue eta Gudarien Etorbidea. Maiatzaren 22an euskaraz, eta 23an gazteleraz. Udaletxeko pleno aretoan, 18:30ean.
- Goizeko bilerak. Maiatzare 14an euskaraz, eta 23an gazteleraz. Udaletxean, 10:00etan.
- Amaierako batzar orokorrak. Ekainaren 4an euskaraz, eta 5ean gazteleraz. Herri Antzokian, 18:30ean.