Atez atekoa eta bosgarren edukiontziaren arteko sistema mistoa proposatu du Legazpiko Udalak
Legazpiko Udalak proposamen berria egin du: herritar bakoitzak erabakitzea materia organikoa nola jasoko dioten, atez ate, edo bosgarren edukiontziarekin. Bi sistemen arteko "elkarbizitzak" sei bat hilabete iraungo luke, urte bukaera arte, eta gero balantzea egingo lukete herriko eragileek eta udalak.
Herri galdeketak erakutsi du, ordea, Legazpin bi sentsibilitate daudela, udal ordezkarien esanetan. Sentsibilitate horiei kasu eginez, herritar bakoitzak bilketa modua aukeratu ahal izatea proposatu du.
Legazpi “zero zabor herri” izateko helburuari ez dio uko egiten udalak, Kepa Urzelai alkateak gaur arratsaldean adierazi duenez.
Hiri hondakinen %73 bereizita biltzera iritsi nahi du udalak; egungo birziklatze tasa “kaskarra” dela zehaztu du, hondakinen bi herenak zabortegira baitoaz, eta heren bat bakarrik biltzen baitu bereizita (%33 alegia).
Horregatik, helburuak eta herritarren nahiak aintzat hartuz, bi bilketa moduen arteko “elkarbizitza” epe bat jartzea proposatu du udalak.
Urte bukaera arte proban
Jarraipen batzorde bat ere sortuko du udalak, herriko eragileekin, sistema misto berri horrek zer-nolako emaitzak emango dituen aztertzeko.
Urte bukaera arte jarraituko luke martxan sistema horrek. Espero dute sei bat hilabetean bi sistemak erabiliko dituztela, eta ondoren, urte bukaeran, azterketa eta balantzea egingo lukete, ondorioak ateratzeko.
Materia organikoaz aparte, gainerako hondakin frakzioak nola jasoko lituzketen ere aztertuko du udalak, mankomunitatearekin.
Oraingoz proposamena baino ez dela eta xehetasun teknikoak lotzeko daudela ñabartu du Legazpiko Udalak.













