Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketara lanak bidaltzeko epea zabaldu dute
Ordiziako Argi Berri elkarteak martxan jarri du dagoeneko Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketaren 22. ediziora lanak bidaltzeko epea. Ohi bezala, hiru mailatan banatuta egingo da lehiaketa, eta hiruretan bertso idatzien neurria eta doinua librea izango da, baina gaietan dago aldea. Gaztetxoek, 13 urte bitartekoek, Barazkiak jatea osasungarria omen da gaiari buruzko bertsoak jarri beharko dituzte, eta beste bi mailatakoentzat gaia librea izango da. Gazteen mailan 14-18 urte artekoek parte hartu ahal izango dute, eta helduen mailan 18 urtetik gorakoek.
Joxemiel Iztueta Lazkao Txiki artean bizi zela erabaki zuen Argi Berri elkarteak bertsopaper lehiaketa antolatzea. Lehen ekitaldian Lazkao Txiki bera izan zen sari-ematean, baina hasi eta urtebetera umezurtz utzi zuen haren izena daraman lehiaketa. Aurten bete dira hogei urte Lazkaomendiko bertsolaria hil zela, apirilaren 3an hain zuzen.
Bertso sortak uztailaren 1erako bidali behar dira gutunazal itxiaren bitartekoa erabiliz. Argi Berri elkartea (Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketa), Gipuzkoa Kalea 15-behea, 20240, Ordizia da lanak helarazteko helbidea. Sari-emate ekitaldia, berriz, irailaren 15ean izango da, Euskal Jaietako azken igandean. Hiru mailetako lehen hiru sailkatuek diru-saria jasoko dute, eta hiru mailetako irabazleek Txikia garaikurra ere eskuratuko dute.
Iaz Ane Beloki legazpiarrak irabazi zuen gaztetxoetan, Azkaingo Aitor Servierrek gazteetan, eta helduetan Lasarteko Ane Labaka izan zen onena.