Mutiloatik Ormaiztegira doan bide berdearen eguna ospatuko dute larunbatean
Larunbat arratsaldean Mutiloa-Ormaiztegi bide berdearen eguna ospatuko dute. Ibilbide gidatua, merienda, zozketa eta diploma banaketa antolatu dituzte.
Ekitaldia gaur aurkeztu da Mutiloan. Meatze guneen mapa argitaratu dutela ere eman da jakitera. Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak, Jon Intxausti Ormaiztegiko alkateordeak, Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak eta Lurdes Azpiazu Zumalakarregi museoko arduradunak parte hartu dute aurkezpenean. Bi udalak, Goitur eta museoa dira, hain zuzen ere, antolatzaileak.
Parte hartzaileak 16:00etan elkartuko dira museoan. Autobusez Peatza-Gezurmuñoraino joango dira. Hemen, ibilbidea hasiko dute. Mutiloako meatze barrutia eta minerala tratatzeko gunea bisitatu ondoren, bide berdetik Danborrera joango dira Lointziko meatze egiturak bisitatzera. Bidean, Liernin, merienda egingo dute. Aldez aurretik izena ematen dutenei ogitartekoa, sagardoa eta ura eskainiko zaizkie.
Ibilbidea amaitzen duten guztiek oroigarria jasoko dute eta, gainera, 19.30ean zozketa egingo da museoan. Helduen artean bi gazta zozketako dituzte eta haurren artean bi ipuin bilduma. Izena emateko museora deitu behar da (943 88 99 00) edo Mutiloako udaletxera (943 80 04 50).
Antolatzaileek azken urtebetean bide berdearen inguruan egindako lana ere ezagutzera eman dute. Ugaldek Mutiloan garbiketa lanak eta bideak egin dituztela aipatu du. Gainera, panelak jarri dituzte meatzariek nola lan egiten zuten azaltzeko. Intxaustik, berriz, bere garaian bidea geltokiraino luzatu zutela eta hurrengo helburua herriraino luzatzea dela esan dut. «Trenbide azpian tunel bat dago eta hori berreskuratu nahi dugu».
Osinaldek bide berdea ezagutzera ematea falta zela eta horretarako Mutiloa, Ormaiztegi eta Zeraingo meatze guneen mapa argitaratu dutela esan du. Jatetxeei eta ostatuei buruzko informazioa ere ematen du eta turismo bulegoetan banatuko da.