Negua oso euritsua izan dela eta udaberria ere tankera bertsuan doala esatea ez da albiste, baina bai meteorologia heze horren eragina. Orain egun gutxi ere goiko larreak zuritu zituen azken elurteak, eta mendia busti-busti eginda dago oraindik. Egoera horrek, noski, belarraren ernetzea atzerarazi du, eta Aralarko larreak ez daude erabat egoki 20.000 bat ganadu buru hartzeko. Hala ere, maiatzaren lehena izan zen atzo, eta Aralarko larreak ofizialki irekita geratu ziren, Larraizko (Abaltzisketa) Zamao atsedenlekuan egindako festarekin.

«Belarra atzeratuta dator, azken urteetako atzeratuen. Beroa egitea komeni da orain, nahikoa hezetasun badagoelako». Jose Antonio Irastortza Furriela Enirio-Aralar mankomunitateko basozainak adibide argigarri bat eman du mendiaren egoeraz jabetzeko. «Guardetxetik Igaratzarako bidea elurtuta dago, eta asko dira mendira igotzeko Nafarroako bide hori erabiltzen duten artzain eta ganaduzaleak».
Larreak zabalduta, 140 bat ganaduzalek –horietatik 40 artzainak– baliatuko dituzte mendiko larraguneak abereak aske ibil daitezen. 18.000 bat ardi, 850 behi eta 800 bat behor igoko dira aurten Aralarrera. «Maiatzean zehar igoko dira gehienak, eta ardiak eta behiak irailaren bukaera aldera arte egongo dira, eta behor-zaldiak berriz, urtearen bukaera arte, gutxi asko».
Festa jendetsua Larraitzen
Gaua euritsua izan arren, argi antzera esnatu zen atzo eguna, eta horrek jende asko erakarri zuen Larraitzera. Artisau, talo eta txerriki postuak atsedenlekuaren alde banatan, Oscar Ferrer Anguianoko (Errioxa) unaiak egindako zaldi-hezte erakustaldia izan zen jendearen arreta bereganatzen lehena. Haren ondotik, Gipuzkoako Mendi eta Behorren IV. Lehiaketaren sariak jaso zituzten irabazleek Igor Eguren Ordiziako alkate eta mankomunitateko lehendakariaren eskutik.
Larreen irekitzearen irudikapena egin ondotik, Jose Mari Esnaola zegamar aizkolaria bost metro luzeko enborrean aritu zen lanean, zutika. Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi bertsolarien saioa izan zen gero, eta baita Jexux Mujika eta Jexux Epelde trikilarien emanaldia ere. Atzoko berritasuna Nabarralde taldekoena izan zen, Ausa-Gaztelura egindako aldarrikapen-irteerarekin.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.