Berria.info- Atez atekoa eta bosgarren edukiontzia, biak jarriko dituzte martxan Legazpin. Proba egingo dute, eta emaitzak ikusi. «Biei emango diegu aukera», dio alkateak. Bakarra da baldintza: %73tik gora biltzea gaika.
Bi sistema aldi berean jarriko dituzte, proba modura: atez atekoa eta bosgarren edukiontzia. Hondakinak biltzeko moduak sortutako zalapartari gisa horretan jarri nahi izan diote irtenbidea Legazpin (Gipuzkoa). Sei hilabeteko proba egingo dute, eta ondoren erabakiko dute behin betiko eredua. Jaietan dira herrian, baina elkarrizketa egiteko tarte bat hartu du Kepa Urzelai alkateak (Legazpi, 1976). Bi aukerak proban jarrita, konponbidea bilatu nahi du.
Erabaki salomonikoa hartu duzue. Bi sistemak aldi berean jarriko dituzue.
Ez dakit
salomonikoa den hitza. Ikusita herritarrek sistema ezberdinen aldeko apustua egiten dutela, probatu nahi dugu ea biak bateragarriak diren eta bi sistemekin nolako emaitzak ditugun. Beti esan dugu helburua %73 dela; nola iritsi, modu batera edo bestera, berdin zaigu. Modu batera edo bestera, iritsi behar dugu.
Herri galdeketa baliorik gabea zela esan zenuen aurrez. Emaitzek jarrera aldarazi dizute azkenean, ordea.
Herri galdeketa beste puntu bat izan da. Herrian desadostasuna lehenago ere azaldu zuten; bai manifestazio baten bidez, bai beste hainbat ekintzaren bidez. Galdeketan, ez genuen bidezko ikusten hondakinen gaia osotasunean ez galdetzea, soilik bilketari buruz galdetzea. Formatua bera ere ez genuen ondo ikusten; ez dakit zentsua nondik lortu duten edo zer zentsurekin egin duten. Gainera, galdeketan Legazpitik kanpokoek parte hartzea ez da zilegi. Nahiz tasa bertan ordaindu bakarren batek, herri galdeketa batean ez litzateke sartu beharko.
Oposizioarekin hitz egin duzue jada?
Oraindik ez. Gai teknikoak aste honetan eta hurrengoan landuko ditugu. Intentzioa da datorren astean, bukaera aldera, zerbait behin betikoa edukitzea eta aurkeztea, jendeak jakin dezan zein aukera izango diren. Bakoitzak ikusiko du zein den egokiena.
Astebete pasatxo isilik egotea leporatu dizuete gainerako alderdiek.
Udalak martxan zeukan prozesu bat, eta ostegunean amaitu zen. Ez zitzaigun logikoa iruditzen prozesua amaitu baino lehen balorazio bat egitea; prozesuan parte hartu duten herritarrei errespetua zor genien. Astebete luzatu da, bai. Egun txarrak tokatu zaizkigu —jaiak prestatzen ibili gara—, eta, daukan garrantzia ikusita, ondo pentsatu eta buelta asko eman beharrekoa zen gaia.
Atez atekoaren aurkako plataformak iragarri du ez dagoela ados, galdeketan ez zela mistoaren alde egin.
Herrian jende mordoxka batek eskatzen du bosgarren edukiontzia, eta beste mordoxka batek atez atekoaren prozesuan parte hartu du eta atez atekoa eskatzen du. Biei eman nahi diegu aukera. Beti esan dugu emaitzak lortzeko era ziurrena herri osoan atez atekoa egitea iruditzen zaigula. Baina ikusita herritar multzo batek eskatzen duela bosgarren edukiontzia, birziklatzearen alde dagoela eta benetan ikusten duela bosgarren edukiontziarekin %70eko emaitza lor dezakeela, proba egingo dugu. Emaitzak hartu behar dira kontuan. Horrekin aterago ditugu ondorioak aurrerago.
Bi sistema batera ipintzeak gastua asko handituko duela dirudi.
Mankomunitateko teknikariekin bildu ginen, bermatu behar genuelako ekonomikoki bideragarria zela. Lehen momentu batean bideragarri izango litzateke.
Zabor tasak garestituko al dituzue?
Ez dira ukituko. Lehenago ere ez zegoen aurreikusita.
Sistema bat edo beste aukeratu, berdina pagatuko dute herritarrek?
Oraingoz, bai. Ondoren aztertu beharko da zer emaitza ekonomiko ematen dituen batak eta besteak. Horren arabera plantea genezake datorren urteari begira tasetan aldaketa bat egiteko aukera.
%73ko muga aipatu duzue, hori baino gehiago birziklatzea dela xedea. Helburua herri osorako da, edo sistema bakoitzak gainditu beharko du?
Legazpik %73tik gora birziklatzea da helburua. Ikusten badugu sistema batek birziklatzen duela besteak baino gehiago, ez dakigu zer ondorio eduki ditzakeen. Aztertu beharko litzateke, benetan ondo egiten dutenak, beharbada, hobarien bitartez saritzea.
Beraz, ez duzue baztertzen proban jarritako bi sistemak betikotzea?
Izan daiteke. Guk beti esan dugu ez zaigula logikoa iruditzen gaur egungoa: herritar batzuek ondo egiten dute, ondo bereizten dute; beste batzuek ez dute ezer bereizten. Eta denok berdin ordaintzen ari gara. Ez da batere justua.
Datu borrokak egon dira. Alderdi batzuek gezurrezko jo dituzte atez atekoaren datuak. Beldurrik baduzu?
Jarraipen batzorde bat antolatzeko asmoa dugu. Eragileak eta herritarrak gonbidatuko ditugu, eta Sasieta mankomunitatearen datu ofizialak emango ditugu. Jarraipen batzordeak babesa emango dio prozesuari. Jarraipen serioa izango da, ez politikoa, alderdi batzuek edo besteek egindakoa.
Hondakinen bilketari buruz herria «zatituta» dagoela esan duzu. Nola dago herriko giroa, oro har?
Eragina beste edozein gatazkak bezala du. Guk hasiera-hasieratik gomendatu diogu jendeari benetan informatzea, alde guztietako informazioa jasotzea, ez alde batekoa soilik, eta gero bakoitzak bere ondorioak ateratzea. Niri, egia esanda, legazpiar eta agintari naizen aldetik, pena handia ematen dit, denok birziklatzearen alde baldin bagaude, hainbeste garrantzi emateak. Beste gai dezente garrantzitsuago batzuk badaude. Ohitura aldaketa txiki bat ekarriko du honek, besterik ez. Mundua ez zaigu gainera etorriko honen ondorioz. Hori argi daukagu.