Laurehun herritarretik gora aritu dira atez ateko bilketa diseinatzen Ordizian, lehen astean
Ordiziako udal gobernuak «oso arrakastatsutzat» jo du atez ateko hondakin bilketa diseinatzeko joan den astean abian jarritako parte hartze prozesua. Udalaren esanetan, 400 lagun baino gehiagok parte hartu dute hilaren 6an eta 7an egindako bi batzar orokorretan, eta baita Altamira, Majori eta Otegieneako auzotarrekin hilaren 8an eta 9an egindako bi bileretan. «Herritarrak animatu nahi ditugu datozen egunetan egingo diren bileretan parte hartzera». Bihar Buztuntzako auzotarrekin egingo dute bilera Urdaneta eskolan udal agintariek –biharko batzarra gazteleraz da, gaurkoa euskaraz–, eta etzi eta ostegunean San Joan, Filipinak, Arana eta Arramendikoekin bilduko dira.
Igor Eguren alkatearen esanetan, «askotariko herritarrek» hartu dute parte batzar horietan, eta «deneratiko iritziak» jaso dira. «Informazio falta izugarria sumatu dugu, eta konturatu gara hizketan hasi orduko zenbait izu lehen kolpean uxatu direla».
Sasietako Mankomunitateak proposatzen duen eredua ez dela itxia gogoratu du Egurenek, eta egunotako bileretan hainbat erabaki har daitezkeela gogoratu du. Auzokako bileren helburua hainbat gairen eztabadaitzea dela esan du, talde dinamikak erabiliz: egutegia; ordutegia eta maiztasuna; Garbigunea; papera eta kartoia banaka edo komunitateka jaso; edukiontziak lurrean edo zintzilik; tasak, auzokonposta eta hobariak; neurri zuzentzaileak; kasko historikoa; egoera bereziak (jaiak, Gabonak, azoka…); eta kaleko zakarrontziak.
Hilaren 27rako, bi erabaki
Egurenek nabarmendu du hilaren 27rako bi erabaki hartu beharko dituztela bizilagunek komunitateek: papera eta kartoia norbanako edukiontzietan edo komunitarioetan bildu, eta zintzilikarioak non jarri. Udalak etxebizitza bakoitzerako proposamen bat prestatua duela esan du, baina kokapenak ez direla behin betikoak, eta komunitateek haien proposamena egin dezaketela.