Euskal Herriko eta Espainiako arkitekto gazteek Urretxu bisitatu berri dute. Europan 12 lehiaketaren barruan, Irimo gunerako proiektu ezberdinak aurkeztea da euren zeregina. Aurreproiektuak prestatzen hasi aurretik, bertatik bertara bisitatu dute garai batean, Urretxuko industria gune garrantzitsua izan zen 75.000 metro koadroko eremua. Orain hamarkada batzuk herriko ekonomiaren ardatz izan zen lantegien multzoa erabat utzita dago gaur egun.
Asteburuarekin lotu dituzte aurten San Isidroak Eitzaga auzoan, eta jai eguna asteazkena bada ere, maiatzak 15, atzo hasi ziren auzoko festak. Afari herrikoia eta rock kontzertuak izan zituzten eta gaur herri krosa egin dute. 30. aldia izan da aurtengoa, eta aurrena umeak eta ondoren helduak aritu dira auzoan zehar korrika. Iluntzean Voces Navarras taldeak emanaldia egingo du eta gauen Ehunzango batukadak jarriko du dantzarako aukera.
Jendetza dabil Beasaingo kaleetan, kuadrilen egunean. Blusak jantzita edo gerrian lotuta dituzte gehienek eta txarangen doinua entzuten da kaleetan. Poteorako giro bikaina dute eta laster joango dira bazkaltzera. Arratsaldeko 17.30ean abiatuko dira kuadrilak Barrendain kaletik hasi eta erdigunera kalejiran.