Ormaiztegiko baserritarrei buruzko dokumentala estreinatuko dute bihar
Herriko baserritarrei buruzko dokumentala estreinatuko dute bihar Ormaiztegin baserritarren eguna ospatzeko. Gainera, Josu Tellabidek Ormaiztegi eta inguruko baserriak XIX. mendetik gaur arte hitzaldia emango du. Ondoren, bertaratuek mokadutxoa jango dute.
Ekitaldia 17:00etan hasiko da. Zumalakarregi museoak antolatu du. Bideorako herriko lau baserritarrekin hitz egin dute: Mekola baserriko Juan Felipe Rezusta, Sosoazabaleko Joxe Domingo Iurrita, Udabarroko Juanito Urkiola eta Iraegiko Jabier Bastarrika. Lauek euren bizipenen berri eman dute.
Bideorako hitz egin dutenetako bat Iraegi baserriko Jabier Bastarrika da. Gizon honek 78 urte bete behar ditu aurten eta denbora honetan guztian baserriko bizimodua ez dela asko aldatu dio. Hori bai, egun garai batean baino askoz ere baserri gutxiago daude. «Garai batean Ormaiztegin 54 zeuden eta, egun, hamalau bat bakarrik. Baserriko bizimodua desagertzera doa. Guri baserrian lan egiten irakatsi ziguten, baina egungo gazteek ez dakite».
Bera gaztea zenean, ordea, herriko baserri guztietan abereak zituzten. «Aitak CAF enpresan lan egiten zuen, baina bost behi genituen eta esnea saltzen genuen. Garia, artoa, indaba eta txerri bat edo beste ere bagenituen», aipatu du.
Berak ezkondu zenean utzi zuen Iraegi baserria, baina ez zituen baserriko lanak alboratu. Baserritarra, beti baserritar. «Baserrian arreba gelditu zen eta egun iloba bizi da bertan, baina nik sailtxo bat dut eta bertan patata egiten nuen».
Patatak gaitza hartu zuen eta ereiteari utzi zion, baina egunero joaten da oraindik bere jaiotetxe ondoan duen lursailera. Atzo ere han zen, katiuskak hanketan. «Bordan bi txakur txiki ditut eta horiei jaten ematera joaten naiz. Bestalde, pinuak ere baditut eta horiek ere lana ematen dute. Aurten, adibidez, elurrak okertu egin ditu», aipatu du gaur estreinatuko den dokumentaleko protagonistak.
Herriko baserritarrei buruzko bideoaren ondoren, Tellabidek inguruko baserriei buruz hitz egingo du. Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio-Itsaso eta Arriarangoak izango ditu mintzagai batez ere.
Donostiako ikerlari honek Ormaiztegi inguruan baserri eder asko daudela aipatu du. «Goierrin zurezko egitura bikainak daude, batez ere Beasaindik gora. Ezagunena Igartubeiti da, baina Gabiriako Eizmendi, Ezkioko Zelaa eta Ormaiztegiko Arandi ere azpimarratzeko modukoak dira. Zumalakarregi azken honetan jaio zen. Zumarragako Agiñaga auzoko Agiñaga Azpiko baserria ere oso ederra zen, baina duela urte batzuk erori egin zen», amaitu du.