Baserriko produktuak kontsumitzeko ekimena jarri dute abian sei herrik
Baserrietako produktuen kontsumoa bultzatzeko Bertatik Bertara ekimena jarri dute abian Ezkio-Itsasoko, Gabiriako, Legazpiko, Ormaiztegiko, Urretxuko eta Zumarragako udalek eta Goimen elkarteak. Proiektuak Uggasa garapen agentziaren eta Bi-Tartean eta Ilinti merkatari elkarteen babesa du, eta guztiek elkarrekin lan egingo dute baserritarren produktuak dendetan, tabernetan eta jatetxeetan saltzeko. Dagoeneko 61 merkatarik eta ostalarik bat egin dute ekimenarekin.
Lau pauso eman dituzte. Goimenek fitxa bana pasa dio ekoizle bakoitzari, eta bertan, egitasmo honetan parte hartu nahi dutenek gaur egun euren produktuak nola merkaturatzen dituzten azaldu dute. Fitxa horiekin Goimenek bere datu basea osatu du.
Ondoren, jakiak merkaturatzeko bide ezberdinak aztertu dituzte: salmenta zuzena (baserrietan, merkatuetan eta kontsumo taldeetan), dendetan (harategiak, janari-dendak, belar-dendak…) eta tabernetan eta jatetxeetan.
Gainera, inguruko merkatariekin eta ostalariekin hitz egin dute. Dagoeneko 61 kide sei herri hauetako baserritarren produktuak saltzeko prest agertu dira.
Bukatzeko, identifikazioa eta seinalizazioa landu dituzte. Ekimen honekin bat egin duten baserrietan, dendetan, tabernetan eta jatetxeetan triptikoak eta pegatinak banatu dituzte. Helburua erosleei bertan ekoiztutako landa eremuko produktuak non eros ditzaketen jakinaraztea da.
Egitasmoa Gabiriako Baztarrika baserrian aurkeztu dute. Edurne Etxeberria Goierri garaiko turismo teknikariak, Jose Manuel Zubizarreta Goimeneko arduradunak, Aitor Uribetxeberria Legazpiko zinegotziak, Garikoitz Aiesta Ezkio-Itsasoko alkateak, Ezkio-Itsasoko Urkulegi baserriko Gorka Sasietak eta Martin Aseginolaza Bi-Tartean elkarteko lehendakariak hitz egin dute.
Aiestak Baztarrika baserrikoei eskerrak eman dizkie prentsaurrekoa egiteko tokia uzteagatik eta ekimenaren jatorria lehen bultzatzailea Urretxuko Udaleko Landa Garapen eta Ingurumen batzordea izan zela gogoratu du. Ondoren, gainontzeko udalek eta Goimenek bat egin zuten. Zubizarretak sei udal hauek nekazaritza arloan elkarrekin lan egiteko ohitura dutela esan du, baina Bertatik Bertara eskualdeko gainontzeko herriei zabalik dagoela gehitu du.
Ekimen honek bi indargune dituela azpimarratu du: nekazariak, dendariak eta ostalariak elkarrekin lanean jartzen dituela eta udalerrien arteko lankidetza bultzatzen duela. «Herri handiak eta txikiak batzen ditu: batzuek dendak jartzen dituzte eta besteek landa ingurunea».
Etxeberriak nekazaritza gure kulturaren motorra dela eta babestu beharra dagoela aipatu du. «Nekazaritza ezinbestekoa da gure nortasunaren berri emateko».
Sasietak ekoizleen izenean hitz egin du. «Bertako klimara eta orografiara egokitutako elikagaiak ekoizten ditugu, eta horrek oreka ematen digu. Izan ere, gu ere hemengo klimara ohituta gaude. Gainera, paisaia eta kultura mantentzeko lan egiten dugu. Baina baserritarren eta herritarren arteko etena eman da eta harreman hori berreskuratu beharra dugu. Ekimen honek baserritarron lana ezagutzera emateko balio izatea espero dugu». Hori dela eta, baserritarrei parte hartzeko eskatu die.
Aseginolazak erosketa ohiturekin «gurea defendatu» behar dugula aipatu du, eta baserritarrak eta merkatariak elkarlanera deitu ditu. Bukatzeko, gaur Urretxuko azokan, bihar Legazpikoan eta etzi Zumarragakoan triptikoak banatu behar dituzela jakinarazi du Uribetxeberriak.