Ordizian 2011. urtean jarri zuten edukiontzi marroia
Ordiziako PSE-EEk bosgarren edukiontziari –organikoa biltzeko edukiontzia marroia– aukera bat eman diezaiola eskatu dio Ordiziako udal gobernuari. Sozialisten oharraren arabera, udala atez ateko hondakin bilketa sistema ezartzekotan da, eta «zentzugabekeria eta inposizio horren aurrean», Ordiziako etxeetan 4.000 esku-orri inguru banatuko ditu. Bi hizkuntzatan idatzitako esku-orri horretan edukiontzi marroiaren alde egiteko sozialistek dituzten argudioak azaltzen dituzte. Sozialisten iritziz, atez ateko bilketa sistema «zikina, deserosoa, kaltegarria eta garestiagoa» da.
Sozialistek hedabideei helarazitako prentsa oharrak dioenez, Bildu Gipuzkoako Foru Aldundira eta udaletara iristearekin bat, bosgarren edukiontziaren ezarpena geratu egin da. «Edukiontzi marroiaren ezarpenak kontsentsu politiko zabala zuen, eta hori ez da gertatzen atez atekoarekin». PSE-EEren arabera, Ordiziako bi mila familik, «biztanlegoaren %54 baino gehiago», edukiontzi hori erabiltzeko apuntatu dira, eta gogoratu du «2.600 ordiziar birziklatzearen alde eta atez atekoaren aurka» azaldu direla. «Bilduk ez dio aukera bat eman nahi garbiagoa, iraunkorragoa, merkeagoa eta erosoagoa den sistema horri».
Udalaren erabakia, ulergaitza
Iñaki Dubreuil Ordiziako zinegotzi sozialistari ulergaitza egiten zaio Ordizian bosgarren edukiontziaren alde ez egitea, Bilduk Azpeitian edota Ormaiztegin egin duen bezala. «Bildu agintean dagoen beste udal batzuetan, Beasainen eta Soraluzen kasu, edukiontzi marroia sustatzen ari dira». Dubreuilen iritziz, garbitasun aldetik «atzera» egiten da atez atekoarekin, eta horrez gain «diru xahutze bat» da.