Igartubeitin eta Zumalakarregin Museoen Eguna ospatuko dute
Ezkio-Itsasoko Igartubeiti museoan eta Ormaiztegiko Zumalakarregin ekitaldiak antolatu dituzte larunbatean Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko.
Igartubeitin Mutiloako Teresa Gartzia Lapitzek taloak egiten irakatsiko du. Ondoren, parte hartzaileek egindako taloak dastatuko dituzte. Ekitaldi hau familiei zuzendua dago, bereziki haurrei eta aitona-amonei. 16:30etik 18:30era egingo da. Gainera, larunbatean eta igandean, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 19.00etara, natur inguruneari buruzko film laburrak emango dituzte.
Bestalde, larunbatean eta igandean ate irekien jardunaldiak egingo dira bi museoetan. Sarrera eta bisita gidatuak doan izango dira. Bisita gidatuak 11:00etan, 12:30ean eta 17:00etan egingo dira.
Zumalakarregi museoan antolatutako gainontzeko ekimenei dagokienez, lehenengoz Europako Museoen Gaua ospatuko dute. Horretarako, ostiral gauean museoko ateak irekiko dira. 23:00etatik 00:30era bertako pieza bitxiak erakutsiko dituzte eta XIX. mendeko postreak dastatzeko aukera egongo da.
Gainera, ostiralean XIX. mendeko asmatzaileekin ginkana egingo dute 6 eta 12 urte bitarteko haurrek. 17:00etan hasiko da. Bukatzeko, igandean film emanaldiak egongo dira. 16:00etan 6 eta 12 urte bitartekoentzat eta 17:30ean 12 eta 16 bitartekoentzat.