Korosti eta Lakiola artean ginkana antolatu du Sorgintxulok
Legazpiko Sorgintxulo aisialdi taldeak eta udaleko Gazteria sailak Korosti eta Lakiola artean ginkana antolatu dute datorren iganderako. Lehen Hezkuntzako 3. maila eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailara arteko haur eta gazteei eta hauen gurasoei zuzendutako ekimena izango da. Ginkana berezia izango da asteburukoa, Sorgintxuloren 15. urteurrenaren harira antolatutakoa.
Igandean, 9:00etan egin dute hitzordua Euskal Herria plazan. Handik Korostira joko dute eta bertan hasiko da jolasa. Lakiolara arteko bidean, baliza ezberdinak jarraituz ibilbide bat osatu beharko dute parte hartzaileek. Balizatik balizara joateko jolas edo proba ezberdinak gainditu beharko dituzte. Hiru ibilbide ezberdin prestatu dituzte, hiru taldetan banatuta osatu beharrekoak. Amaieran, hamaiketakoa eskainiko diete Lakiolako aterpean bertaratutako guztiei.