Tolosaldeko Hitza- Tolosaldea Sahararekin Elkarteak ‘40 Maiatza Borrokan’ ekimena antolatu du; gaur, ‘Mendebaldeko Sahara, konpondu gabeko gatazka zahar bat’ izeneko hitzaldia egongo da Tolosako kultur etxean, 19:30ean. Aita sahararra zuen Beñat Hach Embarek Irizarrek (Ormaiztegi, 1989). Ama, aldiz, euskalduna du. Biak ala biak, oso maitatuak, saharar herriaren askatasunaren alde egindako lanagatik. Semeak, gurasoen bidea hartu, eta aukera duenean, herri zapalduaren inguruko hitzaldiak eskaintzen ditu: «gatazka ezagutarazteko eta konzientzia zabaltzeko».
Zein izango da hitzaldiaren azken zatia?
Azken asteetako gertaerak. Aiunen zer gertatu den eta zer gertatzen ari den azalduko dut.
Momentu historikoak zeintzuk izango dira?
XIX. mendean kokatuko dut lehena, Europan bigarren industria iraultzan, hain zuzen ere.
Kolonialismoa.
Hori da. Europako potentziek lehengaiak behar zituzten, eta Hego Amerikan bezala, Afrikan jartzen dituzte euren begiradak. Espainiako inperioa beheraka doa, eta pastel horretan, Ginea Ekuatoriala eta Mendebaldeko Sahara tokatzen zaizkio.
Franko sartuko litzateke ondoren.
Espainiako diktadura garaian mobilizazio asko egon ziren Saharan. Oso gogor zapalduak izan ziren gainera. Garai horietan sortzen da Frente Polisarioa, duela 40 urte. Espainiako armadaren aurka gogor aritu zen borrokan bi urtetan zehar. Hirugarren inflexio puntua bi urte horien amaieran etorri zena izango da.
Zapaltzaile aldaketa.
Espainiarrak alde egiten dute, eta Marokoren eta Mauritaniaren eskuetan uzten dute Sahara. 1991. urterarte iran zuen gerratea sortzen da, ondorioz.
Zer gertatu zen 1991n?
Bake plana urte horretan onartu zen. Hiru puntu zituen planak: su etena; Sahararen askatasuna erabakitzeko erreferenduma eta galdeketa honetan parte hartuko zutenen zentsoa osatzea. Lehen eta hirugarren puntua momentuan bete ziren, baina bigarrenaren zain 22 urte daramatzagu.
Zergatik ez da egiten erreferenduma?
Argi dutelako zer aterako den: badakite sahararrek zer aukeratuko duten.
Azken zatira gerturatzen ari gara; zer dago tartean?
Intifada baketsua. 2005etik hona, Mendebaldeko Saharako zonalde okupatuan modu, intentsitate eta denbora desberdinetan, intifada baketsua jarri zen abian. Borroka molde horren testuinguruan iritsiko ginateke gaur egunera.
Borroka armatuaren inguruko hausnarketak hor daude. Zein da egoera?
Frente Polisarioak garbi esaten du armak berriro hartzearen aukera hor dagoela, baina oraingoz hori ez dela bere hautua. Egia da jarrerak aldatzen ari direla, baina oraindik, gehiengoak ez du aukera hori ikusten. Horrekin batera, su etena bi armadek sinatu zuten arren, bakarrak betetzen duela esan behar da.
Marokok inoiz praktikan jarri al du su eten hori?
Bake plana sinatu arren, aspaldi hautsi zuen. Saharako herritar zibilen aurka etenik gabe ibili da, jendea atxilotuz, torturatuz, desagerraraziz, erailez… Marokok ez du inongo momentutan su etenik bete.
24 preso politikoren inguruko kanpaina horren adierazle al da?
Kanpaleku bat antolatzearen arduradunak zirela esanaz, epaiketa militarra egin zieten 24 preso politiko hauei. Hamaika polizia hiltzea leporatzen zieten, eta zortziri bizi osoko espetxe zigorra ezarri zien, gainontzekoei, 20-30 urte bitarteko zigorrak. Kontua zera da, hamaika polizia hauen gorpurik ez dagoela inon. Ez dago senitartekorik, ez dago autopsiarik, ez dago hilotzik.
Iragan astean jakin genuen gose greban zegoen preso bat hil zela Marokoko espetxeetan.
24 preso hauetako bat ez zen, eta ez dago ziur preso politikoa zen edo ez, baina, agerian gauza bat uzten du honek, Marokoko espetxeetan nolako bizi baldintzak dauden. Preso hau hori salatzen ari zen, eta diabetesa tarteko, gose greba hasi eta egun gutxira hil zen. Bere salaketa, hor gelditzen da. Ez da ahaztu behar, Espainian eta Frantzian bezala, Marokon ere dispertsioa erabiltzen dutela sahararren aurka. Gose greban hasi eta hil zen preso honi ere, dispertsio politika aplikatu zioten.