Presoekin elkartasunak Goierriko plazak beteko ditu larunbatean
Larunbatean Plazara ekimena egingo da Euskal Herriko herri guztietan eta mundu osoko hainbat hiritan euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko eta euren eskubideak aldarrikatzeko. Goierri garaiko Herrira taldeek prentsaurrekoa eman zuten asteazkenean ekitaldien berri emateko.
Kepa Urtzelai Legazpiko alkateak eta Eneko Zabaleta Ezkio-Itsasoko zinegotziak eragileen arteko elkarrizketa eta akordioek, Donostiako nazioarteko bake konferentziak eta ETAren armak uzteko erabakiak gehiegi luzatu den gatazka egoera atzean uzteko eta denon artean bake egoera justu bat eraikitzeko aukera zabaldu dutela esan zuten.
Gatazkaren ondorioak asko direla eta guztiak konpondu behar direla gehitu zuten. Hala, Legazpiko Juani Delgado eta Kepa Solana eta Ezkio-Itsasoko Gonzalo Rodriguez presoei 197/2006 doktrina (Parot doktrina) aplikatu zaiela gogoratu zuten. Honek, euren zigorra luzatzea suposatzen du
Solanak duela bi urte bete zuen zigorra eta Delgadok orain dela urte eta erdi, baina espetxean jarraitzen dute. Rodriguezek ekainean beteko du, baina espetxealdia 2023. urtera arte luzatu diote.
Legazpi eta Ezkio-Itsasoko udalek hiru preso hauek aske uztearen eta gainontzeko guztien eskubideak errespetatzearen aldeko mozioa onartu dute. Asteazkeneko agerpenean parte hartu zuten herritarrek bat egin zuten eskaera horiekin. Horretaz gain, presoak Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituztenak aske uztea eta doktrina aplikatzeari uztea eskatu zuten. Gainera, Plazara ekimeneko ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu zuten.
Bukatzeko, datozen asteetarako elkartasun ekitaldi gehiago antolatu dituztela jakinarazi zuten. Hilaren 31n ohiko kontzentrazioak egingo dira Legazpiko plazan eta Urretxu eta Zumarragako Areizaga-Kalebarrenen.
Ekainaren 9an, berriz, presoen aldeko bertso saioa egingo da Urretxuko Labeaga aretoan. 18:00etan hasiko da eta Amaia Iturriotz eta Maialen Akizu urretxuarrek, Julio Soto, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi, Iker Zubeldia eta Alaia Martinekin abestuko dute.
Bestalde, hilaren 25ean autobus bat Herrera de la Manchara joango da Rodriguez bisitatzera. Autobusa 01:00etan irtengo da Areizaga-Kalebarrenetik. Joan nahi dutenek lehenbailehen eman behar dute izena.
Goierriko egitaraua
-Ataun
10:30. Ibilaldia San Martinetik San Gregoriora. Sei tokitan geldituko dira panel informatiboak jartzeko.
12:00. San Gregorion ekitaldia eta argazkia.
-Beasain
13:00. Kalejira udaletxetik txosna gunera.
Ondoren. Ekitaldia eta argazkia. Mozorro Eguna denez, mozorrotuta agertzea eskatu dute.
-Ezkio-itsaso
12:00. Elkarretaratzea Anduaga plazan, dantzari, bertsolari eta trikitilariekin. Salda eta pintxoak banatuko dituzte eta argazkia aterako dute.
-Idiazabal
11:30. Triki-poteoa.
13:00. Argazki erraldoia eta bazkaria.
16:00. Ume jolasak.
-Itsasondo
12:30. Elkarretaratzea.
-Lazkao
13:00. Elkarretaratzea.
-Legazpi
13:00. Elkarretaratzea plazan eta ondoren presoen aldeko txotxa, pintxo dastatzea eta argazkia.
-Legorreta
20:00. Elkarretaratzea.
-Ordizia
11:00. Haur jolasak eta bigarren eskuko liburu azoka.
12:00. Trikitilariek girotutako mokadutxoa.
13:00. Elkarretaratzea eta dantzari eta txalapartariekin ekitaldia.
-Segura
13:00. Elkarretaratzea eta ondoren mokadutxoa.
-Urretxu-Zumarraga
11:30. Elkarretaratzea lizeoko patioan eta ondoren kalejira eta argazkia.
-Zaldibia
10:30. Herriko txistulariekin diana.
11:00. Pilota partida herrikoia eta ondoren ekitaldia.
14:00. Bazkaria elkarteen eskutik.
Bazkalostean. Ibon Magoaren eta Takoloren ikuskizunak, Zaldibiako Gazte Asanbladak eta Ernaik antolatutako aulki jokoa eta aerobic taldearekin dantzaldia.