Lehenengo tomateak eta piperrak, Azkoitiako Joxe Mari Uzinen postuan.
Aspertuta daude nekazariak eta bezeroak aurtengo negu bukaezin honekin. Atzokoak ere ez zirudien maiatzaren erdiko feria, nahiz eta produktu batzuk iazko egutegi berbera errespetatu duten. Azkoitiako Kurutzia baserriko Joxe Mari Uzinek hasi du bere sasoia. Jack motako tomateetara eta klase askotako piperretara mugatzen du bereziki bere ekoizpena, «horretarako prestatzen ditugu negutegiak, orain gutxi batzukin hasi naiz baina bigarren loraldikoa oso emankorra dator», aitortu zuen Uzinek. Labeldun tomatea saltzen dutenen artean lurrean, eta ez modu hidroponikoan, ekoizten duten bakanetakoak dira Kurutziakoak. Lehenengo Gernikako piperrak eta Euskal Herriko Piper Eztia jatorriko deitura duten piper berde luze gozoak ere salgai zituen.
Joan zen astean hasi zen Aramako Patxi Arizmendi marrubiak ekartzen, 3 euroan kiloa. Itxuraz kanpokoak bezain ikusgarriak ez izan arren, usain eta gustoan aldea ateratzen diete. Iaz bezain emankorrak baldin baditu landareak urte bukaera artekoa badugu.
Lore eta landare berriak
Lore kontuetan bi daude azpimarratzeko modukoak: Gerezi tomatea batetik; jangarria bada ere, hemen estimazio handirik ez du, platerean aldiz, edergailu moduan erabili ohi da, eta dagoeneko aletxoak hartzen hasia da. Bestetik, Diplademia: gora egiten duen kanpai formakoa da, eta kolore biziko loreduna.
Landarezaleak prest etorri ziren azken asteetan izan duten bezero kopuruari aurre egiteko, baina atzokoan, eguraldiaren eraginez, mugimendu gutxi izan zen. Aukerak, aldiz, handitzen segitzen du; lehen angurria edo sandia eta meloi landareak salgai ziren atzo, 50 zentimoan bakoitza. Baita apioa, udare-tomatea (0,30 euroan bakoitza) edota piper mota guztiak (12 euroan ehuneko sorta) ere. Ziza eta onddo salmenta ere bizi-bizi joan da.
Oilanden arrautzak
Gabonetan jaiotako oilandak hasi dira dagoeneko arrautzak jartzen, baina «ez nahi bezain aguro» Mutiloako Atiber baserriko Maria Angelesek esan duenaren arabera. Dozena 1,10 euroan dago salgai.