Museoa herriaren ispilua
Bihar Museoaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Hala izan da, 1977an Nazio Batuen Erakundeak maiatzaren 18a museoei eskaintzea erabaki zuenetik. Museoen helburu nagusia kulturaren, ikerketaren eta heziketaren zabalkundea egitea da, besteak beste. Helburu horrekin bat eginda, museo eskaintza zabala dago gaur egun Goierrin, Gipuzkoa mailan zabalenetarikoa. Historian, ohituretan, eta naturan oinarrituta makina bat dira arbasoen bizimodua eta pentsamoldea gaur egun bizirik mantentzeko lanean diharduten museoak eskualdeko herrietan.
Azpiegitura handiak bainoago, tokian tokiko historia biltzen duten guneak dira, batez ere, Goierriko museoak. Inguruko baliabideak, ondarea eta paisaia oinarri hartuta, bertako izaeraren eta izatearen ispilu gardena dira gehienak. Modu didaktikoan azaltzen diete bisitariei lurralde hau besteengandik bereizten dituzten ezaugarriak, datozenekin bi aldeetako hartu emana sustatuz.
Legazpi da, seguruenera, aipatutako honen adibide garbienetakoa. Burdinari lotuta dago guztiz herriaren bilakaera eta herritarren izaera. Lenbur Fundazioak ondare hori aintzat hartu eta berrinterpretatzen lan asko egin du azken hamarkadetan. Lan horren ondorio da Burdin Harana bezala ezagutzen den gune turistikoa.
Legazpi denboran zeharreko bidaia bat da. Olatz Konde Lenbur Fundazioko kideak bi gunetan ezberdintzen du Burdina Harana. Batetik, Mirandaolako parkea, landa auzoak eta ibilbideak daude. Mirandaola parkean daude «turismo bulegoa, Euskal Burdinaren museoa eta Mirandaolako burdinola». Landa auzoetan kokatzen dira, esaterako «Erreizabal artzaintzaren ekomuseoa edo ogiaren txokoa». Bestalde, «Urola ibaiari jarraituz egin daitekeen ibilbidean presak, dorretxeak eta baserriak ikusi daitezke, besteak beste».
Bestetik herrigunea bera ere hartzen du Burdin Haranak. «XVIII. mendean burdinolak desagertu egin ziren eta industrializazioak bidea hasi zuen». Horren adibide garbiak daude Legazpin «papertegia, Patrizio Etxeberriaren lantegiak, eta horren atzetik sortu ziren auzoak, ikastetxeak…».
Iragana gogoan izateko
Zerainek ere lotura estua izan du burdinarekin. Garai bateko meategien jardunetik sortu zen Burdinaren mendia Aizkorri-Aratz parke naturalaren barruan. Miren Makazaga Aldabe zerbitzu turistikoak enpresako kideak esan duenez, «garai batean meategietan nola lan egiten zuten erakusten diegu bisitariei». Aizpita adieraztegian dago guztia adierazita, baita «Burdinaren mendian aurkitu daitekeen landare eta animaliei buruzko informazioa ere».
Zerainen Herri museoa ere badago «bertako historia, filosofia eta Paisaia Kulturala proiektua» azaltzen dituena. Garai bateko apaiz etxean dago kokatuta eta, «eraikina bera ere ikustekoa da». Ganbaran museo etnografikoa dago «nekazaritzan, meatzeetan, elizan, etxeetan erabiltzen ziren tresnak, lanabesak…» daude ikusgai. Azken batean, «nekazaritzatik bizi den herri txiki bateko bizimodua azaltzea da» museoaren helburua.
Segurak, bere aldetik, erdi aroko herria izaki, badu zentzu horretan zer eskaini. Ardixarra museoa aurki daiteke bertan: «XVI. mendeko eraikina da, eta bertan dago kokatutako Erdi Aroko interpretazio zentroa». Goierrin paisaia eta ingurunea bera ere ikustekoak dira, «museo biziak», eta produktoreengana bisitak ere antolatzen dituzte «gaztandegietara edo erlezainengana, adibidez». Esan gabe doa badirela aipatzea merezi duten beste zenbait museo ere Goierrin, Zumalakarregi Ormaiztegin, Igartubeiti Ezkio-Itsason Barandiaran Ataunen edo Egurraren museoa Zegaman, besteak beste.
GOIERRIKO MUSEOAK
Goierrin dagoen museoen aukera zabala da, Gipuzkoa mailan eskaintza zabalenetarikoa duen eskualdea da. Gehienak bertako ohituretan eta kulturan oinarritu dute bere eskaintza.
Ataun
– Aralar parke naturaleko interpretazio zentroa (lizarrusti.com).
– Barandiaran museoa (gipuzkoamendizmendi.net).
Beasain
– Igartza Erdi Aroko multzoa (igartza.net).
Ezkio-itsaso
– Igartubeiti baserria (igartubeitibaserria.net).
Idiazabal
– Gaztaren dastaketa eta interprezio zentroa (idiazabalturismo.com).
Legazpi
– Euskal Burdinaren museoa (lenbur.com).
– Langileen ibilbidea (lenbur.com).
– Erreizabal, artzaintzaren ekomuseoa (lenbur.com).
– Txillida Lantoki (lenbur.com).
– Igaralde, ogiaren txokoa (lenbur.com).
Ordizia
– Goierriko interpretazio zentroa (delikatuz.com).
– Elikadura eta gastronomiaren interpretazio zentroa (delikatuz.com).
Ormaiztegi
– Zumalakarregi museoa (zumalakarregimuseoa.net).
Segura
– Erdi Aroko interpretazio zentroa (seguragoierri.net).
– Erraztiolatza museoa (erraztiolatza.net).
Urretxu
– Urrelur mineralean eta fosilen museoa (urretxu.eu).
– Aikur erle museoa (aikur.com).
Zegama
– Aizkorriko ataria interpretazio zentroa eta egurraren museoa (zegama.net eta museomadera.com).
Zerain
– Paisaia kulturala: herri museoa, kartzela eta zerrategia (zerain.com).
– Burdinaren mendia (zerain.com).