Bost goierritar arituko dira Bertsolari Txapelketa Nagusian
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 16. ekitaldia irailaren 29an hasiko da, Villabonan (Gipuzkoa), eta abenduaren 15ean amaituko da, BECen, Barakaldon (Bizkaia). 2009ko txapelketan bezala, hamalau saio izango ditu txapelketak.
Azken bi urteotan egin diren herrialdeetako txapelketetan eskuratu dute bertsolariek Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukera. Horiez gain, orain lau urteko finalistek zuzenean lortua zuten txartela, tartean Aitor Sarriegi beasaindarrak. Irailaren 17an txapelketaren aurkezpen ofiziala egingo dute, eta irailaren 26an, berriz, aurkezpen festa.
Guztira, 43 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan, tartean Goierriko bost: Aitor Sarriegi (Beasain), Iban Urdangarin (Ataun), Iker Zubeldia (Zegama), Iñaki Apalategi (Beasain) eta Nerea Elustondo (Legazpi).