Lazkaoko flautistak Donostian eta Azkoitian
Zehar flautaren soinu leuna kontzertuak osatzeko lain badela erakutsi dute, asteburuan, Lazkaoko musika ikasleek. Donostian ostiralean, eta Azkoitian herenegun, emanaldi bana egin dituzte flautistek, lagun gehiagorekin.
Donostiako Teknologia Parkearen egoitzan jo zuten, ostiralean, Lazkaotxiki musika eskolako taldeko flauta ikasleek. 12-16 urte arteko bederatzi lagun joan ziren, Eneritz Jauregi irakaslearekin. Azkoitiko Bizkargi eskolako eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko ikaskideekin osatu zuten saioa, Miramonen. Pelikuletako musikak jo zituzten.
Igandean, berriz, Azkoitian topaketa batean izan ziren. Euskal Herriko hamazazpi herritako txirulariak elkartu ziren; 19 musika eskolatako 200 neska-mutiko denera, gutxi gora-behera.
Etzi, ipuin musikatua herrian
Lazkaotxiki eskolak kurtso bukaerarako ipuin musikatuaren saioa antolatu du, etziko. Iaz egin zuten lehen aldiz, lau urtetik 9ra arteko haurrentzat zuzenduta, Mozarten lan batean oinarrituta. Aurten Vivaldi jorratuko dute, Vivaldi eta denboraren makina ikuskizunean, 65 bat ikaslek.
Lazkaoko Areria antzokian da emanaldia, etzi 17:30ean. Tailerretako eta Hizkuntza Musikaleko haurrek parte hartuko dute.