
XIV. Legazpi Hiria argazki lehiaketak baditu dagoeneko irabazleak. Aurkeztu diren argazki guztien artean Iñigo Olarteren Begiradak aukeratu du epaimahaiak. Manu Barreiro, Agustin Busselo eta Carlos Mediavilla izan dira gainerako irabazleak. Azken honi herriko lan onenari saria eman diote, eta lehenego hirurak Argizaiola sariketarako ere sailkatu dira.
Lehiaketaren hamalaugarren edizio honetan 181 argazkilari ezberdinen 665 lan jaso dituzte guztira. Epaimahaia pasa den ostiralean bildu zen, eta orduan hartu zuen erabakia. Koldo Badillo, Ricardo Perez eta Luis Pontijasek osatu dute aurtengo adituen taldea.
Sari banaketa eta erakusketa
Sari banaketa, datorren ekainaren 14an egingo dute, 19:00etatik aurrera Legazpiko kultur etxean. Ondoren, lehiaketara aurkeztutako argazki guztietatik aukeraketa bat egin, eta erakusketa irekiko dute leku berean. Erakusketa ekainaren 28ra arte egongo da zabalik, 17:30etik 20:30era.