Euskararen erabilera normalizatzeko plangintza egiten hasi da Beasaingo Udala
Beasaingo Udalean eta udalerrian euskararen erabilera normalizatzeko pausoak eman nahi ditu Beasaingo Udal Gobernuak eta horretarako hizkuntza irizpideen inguruko lanketa jarriko du martxan. Gaur egun indarrean dagoen 1990eko udal ordenantza eguneratzea du helburu lanketa honek. Lanketa honen barruan helburuar ezezik bideari ere garrantzia eman nahi diotela azaldu dute, eta horretarako herritarrekin eta herriko elkarte, talde, ikastetxe eta eragile desberdinekin egin nahi dute bide hori, “guztien ekarpenak jasotzeko eta guztion artean adostutako irizpideak finkatzeko”. Horregatik herritarrak parte hartzera animatu nahi dituzte.
Beasaingo Udalekoen hitzetan “herritar guztiek dute euskara ezagutu eta erabiltzeko eskubidea, nola hitzez hala idatziz. Eta hau horrela izanik, Beasaingo Udalak euskaraz aritzeko eskubidea bermatu nahi die herritarrei”. Udala aspalditik ari da helburu horrekin lanean, baina orain arteko irizpideak “berrikusteko garaia” dela uste dute, “urte hauetan egindako lanaren ondorioz hainbat irizpide zaharkituta geratu delako, edota egokitu nahiz osatu beharra ikusi delako”.
Atzo arratsaldean egin zen lehen bilera Igartza jauregian BIPeko ordezkari bat, EHEko beste ordezkari bat eta hainbat norbanako herritarrekin, eta hurrengo bilerak honako egunetan izango dira:
Udal langileak: Maiatzaren 23an. 09:30ean udaletxeko batzar aretoan. Azpikontratatutako enpresak: Ekainaren 5ean. 09:00ean udaletxeko batzar aretoan. Inguruko enpresak: Ekainaren 5ean. 10:30ean udaletxeko batzar aretoan. Politikariak: Ekainaren 6ean . 18:30ean udaletxean.