Herri Ukatuen Biltzarra egin dute pasa den larunbatean Hego Tirolgo Meran hirian Iatz! (Orain!) lemapean, Tirolgo talde ezberdinek antolatuta. Bertan, autodeterminazioaz edo erabakitze eskubideaz, independentziaz eta herri ukatuek bizi duten egoeraz jardun zuten Hego Tirol, Herrialde Katalan, Eskozia, Flandria, Venezia, Bavaria, Tibet, Sizilia, Friuli, Trieste eta Euskal Herriko ordezkariek.
Herri Ukatuen Biltzarra egin dute pasa den larunbatean Hego Tirolgo Meran hirian Iatz! (Orain!) lemapean, Tirolgo talde ezberdinek antolatuta. Bertan, autodeterminazioaz edo erabakitze eskubideaz, independentziaz eta herri ukatuek bizi duten egoeraz jardun zuten Hego Tirol, Herrialde Katalan, Eskozia, Flandria, Venezia, Bavaria, Tibet, Sizilia, Friuli, Trieste eta Euskal Herriko ordezkariek. Horien artean lau goierritar: Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra eta Eñaut Arretxe, Leire Arrieta eta Ane Arrieta segurarrak.
Bertara joateko gonbidapena Nazioen Munduari eman zioten EPI European Partnership for Independence elkartekoek. Talde honetan Euskal Herriaz gain, Herrialde Kalatanak, Eskozia eta Flandria daude. Biltzarrera, goierritarrekin batera, Txente Rekondo nazioarteko analista donostiarra eta Bizente Mitxelena segalari oiartzuarra ere joan ziren, eta jaiotzez zaldibiarra den Xotil Natke ere batu zitzaien, alemanieraz dakienez, komunikazioan laguntzeko. Izan ere, Hego Tirol Italiako lurretan badago ere, alemanieraz hitz egiten.
Mitxelenak eta Altzok Merango egonaldia aprobetxatu zuten handik 150 kilometrotara dagoen Toblach herrira joateko. Biak Almitza sega elkarteko kide dira, eta irailaren 7an Europako sega txapelketa Toblachen jokatuko da aurten. Bidaia aprobetxatu zuten zelaiak ezagutu eta txapelketako antolatzaileekin harremanetan jartzeko.
Ostiralean iritsi ziren Merana eta ongi-etorri afaria izan zuten biltzarrera gonbidatutako guztiekin batera. Handik hotelera joan ziren zuzen, larunbaterako, egun handirako, indarrak berritzeko.
Larunabatean, goizean-goiz jeiki eta herri bakoitzak bere standa atondu zuen hiriko plaza handi batean, eta gutxika jendetza bildu zen bertara. Hego Tirolgo egunkari baten arabera, 5.000 lagundik gora bertaratu ziren Herri Ukatuen Biltzarrera. Standera inguratzen zirenei Euskal Herriko egoeraz, Nazioen Mundua herri ekimenaz eta antzerakoez informatu zieten euskaldunek.
Babesa eta folkloreaStandeko egonaldiaren ostean, eguerdian herrialde bakoitzaren folklore erakustaldia egin zuten plazako oholtza gainean. Segurarrek Xotil Natkeren alemanierazko azalpenaren ostean agurra, fandangoa, arin-arina eta banakoa dantzatu zituzten.
Herrialde guztien folklore erakustaldiak amaitu zirenean, bertako txosna moduko batean bazkaldu zuten eta ekitaldi nagusirako prestatu ziren.
Bazkalostean, 14:00ak aldera, hasi zen ekitaldi nagusia. Bertan, herri bakoitzeko ordezkari batek hiru minutuko hitzalditxoa egin behar zuen oholtza gainean. Euskal Herriaren ahotsa Txente Rekondok izan zuen. Bere hitzaldian honela esan zuen: «Une honetan erabakitzeko eskubidea izateko borrokatzen ari gara, erabakitzeko eskubidea onartzeko eta aurrera egiteko. Eskubide hau unibertsala da, demokratikoa, eta ezin da ukatu halako eskubiderik».
Europa berri batekin bat egiteko ideia aldarrikatu zuten, non herri eta nazio guztiak egongo diren kokatuta, aske eta independente. Horren isla, hiru ideia aipatu zituzten: «Nazio bat gara, nazio bezala eskubide hori dugu gure etorkizuna jorratzeko, eta azkenean etorkizun hori hiritarren esku dago. Eta hau dena herriz-herri egingo dugu, eskualdez-eskualde, probintziaz-probintzia. Eta horrekin Europan ere herri askea izatea lortuko dugu».
Bidea ez dela erraza izango jakitun dira, baina, baita beste askok bide hori jorratuta dutela ere. Beraz, denak bide horretan abiatzeko deia egin zuten Hego Tirolen, «orain delako momentua».
Sarean jasota
Ekitaldiren oiartzuna iatz.org webgunean, sare sozialetan eta flickr atarian ere jaso dute. Azken honetan ekitaldiko 1.300 argazkitik gora ikus daitezke.
Antolatzaileak gustura daude, «horrelako biltzarrek indarrak batzeko eta posible dela erakusteko» balio dutela esanez. Txapela eta gazta bat eman zieten euskaldunek hego tiroldarrei itzulerako hegazkina hartu aurretik.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.