Gabiriako Udalak 554.000 euroko aurrekontua du
Gabiriako Udalak 554.000 euroko aurrekontua edukiko du aurten, eta inbertsio nagusia herrian argiztapen adimenduna jartzeko egingo dute. Egitasmo horretarako Eusko Jaurlaritzaren eta EEE Energiaren Euskal Erakundearen laguntza jasoko dute. Jaurlaritzak, Erein programaren bidez, 30.863 euro emango dizkio udalari.
EEEk, berriz, 24.000 euro. Inbertsioaren kostua osatzeko falta dena, 26.000 euro pasatxo, udalak jarriko ditu. Diru hori pixkanaka ordainduko du, argi indarrean aurreztuko dutenarekin urte gutxi barru zorra ordaintzea espero baitute.
Obrei dagokienez, Udalak 34.000 euro bideratuko ditu bideak konpontzera. Baserri bide batzuk konponketa beharrean daude eta udalak beharraren araberako zerrenda bat egin du. Ardantzakoa eta Lizardi azpiko bideak ere konpondu nahi ditu. Diru-laguntzak ere eskatu ditu egitasmo horretarako.
Sarrerei dagokionez, zuzeneko zerga bidez 90.450 euro jasoko ditu udalak, eta zeharkakoen bidez, 7.000. Tasekin 38.100 euro jasoko ditu, transferentzia arruntekin 347.011, ondareekin 16.600 eta kapital transferentziekin 54.863.
Pertsonalean 130.525 euro gastatuko ditu, ondasun arruntetan eta zerbitzuetan 220.083, finantza gastuetan 1.500, transferentzia arruntetan 68.410, inbertsioetan 81.184 eta finantza pasiboetan 52.321.