Giza katea egingo dute Beasainen etzi, EHBilduk antolatuta
Goierriko EHBilduk datorren maiatzaren 30ean Euskal Herrian, euskal gehiengo sindikalak dozenaka eragile sozialekin batera deitutako Greba Orokorra “gogotsu eta irmoki” babestu nahi du. “Errespetuz eta umiltasunez egin nahi dugu gure ekarpena, deialdi hau erabat arrakastatsua eta gure herriko historian mugarri izan dadin”.
Horregatik, “Hego Euskal Herritarrak, bertan erabakitzeko burujabetza exijitzen dugunon aliantza eta elkarlana indartzeko balio behar duen greba honekin” bat egiten dute, “guztion artean, gehiengoaren eskubide sozialak bermatuko dituen eta gutxiengo pribilegiatu baten eskubideak soilik defendatzen dituen ereduari aurre egingo dion eredu publiko bat eraikitzeko”.
Bide honetan, datorren maiatzaren 24an arratsaldeko 19:00etan giza kate bat egitera deitzen dute “greba honekin bat egin eta subirautza ekonomiko eta politikoa aldarrikatzeko”. Giza katea Beasaingo Pergoletan hasi eta Lanbideko bulego parean kontzentrazio bat burutuz bukatuko da.
EHBilduren oharra osorik hemen:
Irakurketa politkoa
EHBildu osatzen dugun gizon-emakumeok datorren maiatzaren 30ean Euskal Herrian, euskal gehiengo sindikalak dozenaka eragile sozialekin batera deitutako Greba Orokorra gogotsu eta irmoki babestu nahi dugu. Errespetuz eta umiltasunez egin nahi dugu gure ekarpena, deialdi hau erabat arrakastatsua eta gure herriko historian mugarri izan dadin. Lan eskubide, justizia soziala eta batez ere demokrazia aldarrikatzeko eguna izango den arren, askoz ere gehiago izango da. Izan ere, Euskal herritarrek pairatzen dituzten eraso zuzenei aurre egingo dion mobilizazio eta herritarren burujabetza dinamika baten hasiera izan behar da. Eta eraso zuzenak direla diogu, gure bizitzak Gasteiz, Iruñea eta Madrildik gidatzeko asmoa duten gobernuek, aspaldian herritarrei bizkarra ematea erabaki dutelako, finantza botere handien aginduak betetzeko asmoz. Benetandemokratikoa den sistema batek ez ditu etxe-kaleratzeak gauzatzen; ez du pribatizatzen, eta ez du langabeziara ezta miseriara kondenatzen, gutxi batzuen etekinak mantentzen jarraitu ahal izateko.
Eta ukatzen diguten demokrazia hau berreskuratu ahal izateko, euren jazarpen eta ustelkeriarekin zapaltzen dutena, Euskal Herriarentzat burujabetza exijitzen dugu. Herri hau osatzen duten gizonemakumeak dira, indarrean dagoenarekiko gizarte eredu ezberdina garatzeko politikak erabaki eta martxan jarri behar dituztenak. Eta euskal herritarrek behin eta berriz adierazi dute, Troikak zuzendutako eta Madrildik inposatutako politiken aurka daudela, eta pertsonen duintasuna bere burua kale gorrian ez ikustearren prekarietatea onartzeko prest dauden langabetuen ejertzito batean bihurtzeko asmoz egindako murrizketa antisozialen eta lan erreformen aurka daudela.
Burujabetza behar dugu, gure beharrei erantzuteko eta pertsonen duintasuna bermatzeko gai ez den eredu zaharkitu hau eraldatzeko, finantza merkatuen krisiagatik ez ezik, beste hamaika arrazoien ondorioz hilzorian dagoen sistema aldatzeko. Izan ere, ez dezagun ahaztu populazioaren erdia jada krisian zegoela, eta jada zapaldua zegoela, edozein motako finantza burbuilak eztanda egin baino askoz lehenagotik.
Eta orain, herria ordezkatzen ez duen klase politiko horrek, herriaren lekuan jartzea erabaki duena alegia, emakumeak etxean egotera kondenatu eta aitortu zein ordaindu gabeko lanean iraunarazi nahi ditu; era berean, gazteak prekarietatera eta langabeziara zigortzen ditu.
Gobernu zein patronalak mobilizazioetarako garaia ez dela esaten digute. Euskal Herria Bildun, ordea, ez gatoz bat. Eta murrizketak egiteko, prekarizatzeko, pribatizatzeko eta eskubide sozialen aurka egiteko garaia ez dela diogu. Zoritxarrez, Confebask, CEN eta CEOErentzat eta instituzioetan dauzkaten ordezkarientzat, hau da Urkullu, Barcina eta Rajoy-rentzat, beti da garai aproposa herritarrak zigortzeko, aste honetan erakutsi duten bezala, porrot egindako aurrekontu antisozialen proiektu batekin, kutxa publikoetan egindako lapurreten enegarren gertakariarekin, edota Espainiako presidenteak astero egiten dituen erreforma eta murrizketa iragarpenekin.
235.000 arrazoi baino gehiago aipatu genitzake. Edozein laguntza sozial galdu duten milaka pertsonen izen-abizenak ere esan genitzake, Mario Fernandezen hitzetan asmo txarrez euren zorra mantentzen dutenak, eta gupidarik gabeko banka baten lukurreria ezin ordaintzeagatik, euren etxeetatik kaleratuak izan direnena. Baina errealitatean, arrazoi bakar bat behar dugu: Maiatzaren 30ean kalera aterako gara, Euskal Herria ezkerreko parametroetatik eraldatu nahi duen gehiengo soziala laguntzeko.
Horregatik, Hego Euskal Herritarrak, bertan erabakitzeko burujabetza exijitzen dugunon aliantza eta elkarlana indartzeko balio behar duen greba batera deitzen ditugu, guztion artean, gehiengoaren eskubide sozialak bermatuko dituen eta gutxiengo pribilegiatu baten eskubideak soilik defendatzen dituen ereduari aurre egingo dion eredu publiko bat eraikitzeko.