Igandean ordez, larunbatean ospatuko dute San Adrian eguna idiazabaldarrek
Idiazabaldarrek San Adrian eguna ospatuko dute larunbatean. Partzoneriako kide diren herrien eskubideekin eta betebeharrekin lotuta dagoen festa igandean egitekoa zen, baina egun bat aurreratu dute Zegama-Aizkorri maratoia dela eta.
Urtero bezala, idiazabaldarrak Otzaurtera autobusez joango dira eta handik San Adrianera oinez. Itzuleran Zegaman eta Seguran geldialdiak egingo dituzte. Ondoren, Pilarreneako pilotaleku txikian bazkalduko dute. Arratsaldean pilota partidak, dantza jaialdia eta Modestorekin erromeria antolatu dituzte.
Joateko asmoa dutenek etziko 13:00ak baino lehen jakinarazi behar diote udaleko kultura dinamizatzaileari. Horretarako, kultura@idiazabal.info helbide elektronikora mezua bidali behar dute, edo 943 18 70 99 telefono zenbakira deitu, liburutegira gerturatu edo udaletxeko buzoian paper bat bota behar dute.
Paperean, herritarrek izen-abizenak eta telefono zenbakia jarri behar dituzte, eta autobusez edo autoz joateko asmoa duten jakinarazi. 14 urtetik beherakoek guraso edo arduradun batekin joan behar dute. Autobusa doan da eta 07:00etan irtengo da Mujika jatetxearen aurretik.
Pilarreneako bazkari herrikoiari dagokionez, San Adrianera joaten direnentzat doan izango da. Gainontzekoek 6 euro ordaindu behar dute. Txartelak Izparren jarri dituzte salgai, eta gaur da erosteko azken eguna.
Idiazabaldarrak aspalditik joaten dira urtean behin San Adrianera, partzoneriako kide bezala dagozkien eskubideak berrestera. Segura, Zegama, Zerain eta Arabako Asparrena eta San Millan ere partzoneriako kideak dira.
Garai batean larreak eta basoetako egurra erabiltzeko eskubidea gauza handia zen eta herritar asko ziren eskubide hori baliatzen zutenak. Egun, ehiztariak eta ganaduzale gutxi batzuk dira bere herria partzoneriako kide izatearen onuradun nagusiak. Gainera, Idiazabalgo Udalak sutarako egurra salgai jartzen du herritarrentzat.
Ioritz Imaz alkateak hauek guztiak eskubideak direla aipatu du, ez pribilejioak. «Gu gara mendiak ematen duena jasotzen dugunak, baina gastuak ere guretzat dira». Partzoneriako kide izateaz harro daude, «inguru honetakook Txindokirekin baino harreman handiagoa dugu Aizkorrirekin. Bertara jotzen dugu aisialdian ere», aipatu du.
San Adrian eguna
Egitaraua
-6:30. Erromeriaren hasiera, suziriekin eta kanpai hotsarekin.
-7:00. Otzaurtera doan autobusa Mujikatik irtengo da.
p09:00. San Adrianen meza. Ondoren, hamaiketakoa eta Otzaurtera itzulera.
-12:00. Zegamako herriak erromeriari harrera. Idiazabaldarrek herria zeharkatuko dute eta hamaiketakoa egingo dute.
-12:45. Segurako herriak erromeriari harrera egingo dio. Idiazabaldarrek herria zeharkatuko dute eta hamaiketakoa egingo dute.
-13:50. Lore sorten aurkezpena elizan eta eguneko zentroan.
-14:30. Bazkaria Pilarreneako frontoi txikian.
-16:00. San Adrian pilota txapelketako finalak.
-17:00. Axari dantza taldearen kalejira eskolatik irtenda. Eguraldi txarra egiten badu, frontoian egingo da.
-18:45ean. Modestorekin erromeria.