Festa, aitortza eta elkartzea hartu dituzte ardatz Lazkaoko San Benito ikastolaren mende erdiaren ospakizunetako egitarauko muin mardulenean. Larunbatean eta igandean hainbat ekitaldi izango dira.
Asteburua bi motatako ekitaldiekin bereizi dute. Larunbata Ikastolaren Eguna izendatu dute, ikasleei eta ikasle ohiei zuzendua. Goizean haurrentzat jolasak eta antzerki berezia, eta arratsaldean gazte, heldu nahiz gurasoentzat jokoak izango dira. San Benito ikastolaren ereserkiarekin moldatutako flashmoba larunbatean egingo dute. Azken entsegua etzi 16:30ean da, plazako frontoian. Sagardo eta talo dastaketarekin, eta txarangarekin bukatuko da, iluntzean, lehen jardunaldia.
Mende erdiko ibilbidea antzerkian ikastolaren bidea irudikatuko dute, lehena gogoratuz, oraina errepasatuz eta etorkizuna markatuz. Ikastolak urteurrenaren aitzakian atera duen liburuan oinarrituta dago.
Liburua aste honetan atera da inprimategitik. Horrez gain, DVDa ere ekoitzi du ikastolak. Bi ikasle ohi aritu dira, azken urtebetean, bi argitalpenekin. Oihana Garciak ikastolaren historia azaltzen duen liburua bideratu du. Oihana Sarasolak, berriz, ikus-entzunezkoan jaso ditu hainbat testigantza. Liburua eta DVDa gaur 18:30ean aurkeztuko dituzte, udaletxeko batzar aretoan.

Ikastolako ikasle gazteenak eta haien gurasoak, apirilean, ibilaldia egin aurretik./Aimar Maiz
Omenaldia igandean
Ekitaldi instituzionalagoa iganderako utzi dute. Areria antzokian, 11:30ean, urteurreneko ekitaldi nagusia egingo dute. Zineman toki kopurua mugatua denez, gonbidapenarekin soilik sartu ahalko da aretora. Ekitaldia grabatu egingo dute, eta ikastolaren webgunean (sanbenitoikastola.net) jarriko dute gero.
Aurreneko ikasle, irakasle eta gurasoak omenduko dituzte. 1963an zazpi ikaslerekin eta bi irakaslerekin hasi zen ikastola. Gaur egun 1.100 ikasle eta 110 langile dabiltza.
Festa borobiltzeko, bazkaria egingo dute, plazako frontoian. Hasieran asmoa helduentzat egitea baldin bazen ere, tokia geratu zenez, nahi duten guztientzat ireki dute bazkaltzeko aukera, umeak barne —lehengo astean erosi behar ziren txartelak—.
Bukatzeko, ekainaren lehenerako Goierriko I. Rallya antolatu du San Benito ikastolak, Jaizkibel eskuderiarekin elkarlanean. Lazkaoko hilerri parean hasi, Lazkaomendin barrena Zaldibiara joan, Larraitz aldera igo, eta Gaintzatik bueltan Zaldibiara jaitsita bukatuko da erlojupeko bide-zatia.
Denera 15,88 kilometroko luzera du. Hiru aldiz egin behar dute.
EGITARAUA
Larunbata, maiatzak 25
- 11:00. Ipuin kontalaria (HH).
- 11:30. Jolasak (HH eta LH).
- 13:00. ‘Mende erdiko ibilbidea’ antzezlana.
- 17:00. Jolasak (DBH, batxiler). Musika eskolako trikitilariak.
- 18:30. Flashmoba.
- 19:00. Buruhandiak eta haurrentzako entzierroa.
- 19:30. Jolasak, gazteentzat.Sagardo dastaketa eta taloak. Jun da Jo txaranga.
Igandea, maiatzak 26
- 11:30. Ekitaldi nagusia, Arerian (gonbidapena hartu behar da).
- 14:30. Bazkaria.
- Arratsaldean. Drindots taldearekin dantzaldia.
ELKARRIZKETA
Josune Aranburu (San Benito ikastolaren zuzendaria)
«Murrizketak kalitatean gutxi nabaritu dira, esfortzua denek egin dugulako»

Josune Aranburu, San Benito ikastolaren zuzendaria, 2012ko irailetik./Aimar Maiz
Zuzendari bezala estreinako ikasturtea lantsua izan du Josune Aranburuk (Usurbil, Gipuzkoa, 1966). Lan berriaren martxa hartzearen zailtasunaz gain, urteurrena antolatzearenak gehitu behar izan dizkio. Irailean hartu zuen zuzendari kargua.
Zer moduz daude antolaketa lanak?
Gauzak ixten ari gara. 50 urteotan jende asko pasatu da ikastolatik, eta gakoa zen jende hori guztia batera nola kudeatu. Horregatik, ospakizuna bi egunetan zatitzea erabaki genuen.
Gaur egun zer egoeratan dago Lazkaoko San Benito ikastola?
Ikastetxe bakarra gara herrian, eta izaera publiko bat dauka, azken batean guztiei guk ematen diegulako hezkuntzaren zerbitzua. Une honetan 1.100 ikasle ditugu, 0 urtetik 18ra, eta 110 langile. Murrizketak nahiko latzak izan ditugu, eta ahalegintzen gara horiek gurasoengan ahalik eta eragin gutxien izaten. Itxaron dezaketen gai batzuk atzeratzen ari gara. Une gogorrak dira.
Murrizketak zein arlotan izan dira?
Jaurlaritzaren aldetik, 0-3 urteko diru laguntza %30 jaitsi da, formaziorako laguntzak %20, etorkinena erdia, elkartrukerako diru laguntzak desagertu egin dira… Ikasleak denetik egiten ari dira, elkartruke bidaiak-eta egiteko diru bat sortzeko. Ez daukagu beste erarik.
Bestetik, gu ez gara funtzionariak, baina bai langile laboralak. Irakasleei ere funtzionariei ezarri dizkieten murrizketak egin zitzaizkigun. 2011ko eta 2012ko atzerapenak kobratzeko dauzkate. Irakasleriak ere esfortzu handia egin du.
Baina ikastolaren proiektua sendo dago etorkizunari begira, ezta?
Bai, bai. Nahiz eta murrizketa handiak izan, kalitatean oso gutxi nabaritu da, zeren denek esfortzua egin dute gauzek lehen bezala jarraitzeko. Proiektuak lehengo ildotik jarraitzen ari gara. Ikasle euskaldunak baina munduari begira hezi nahi ditugu, eleanitzak; elkarbizitza landuz eta herriarekin lotura izanda.