Berririk ezin landatu, eta landatutakoak ezin aurreratu
Astero astero esaten ari garena beste behin ere gertatu da. Berez urteko feriarik erakargarrienak direnek ez daramate ohiko martxa. Jendeari animatzea kosta egiten zaio eta salerosketen aukera ere asko mugatzen du eguraldiak. Batetik, barazki fresko gutxiago dagoelako, eta azaltzen diren berri guztiak negutegietakoak dira. Bestetik, berriak landatzeko girorik ezean, erostea ere alferrik delako. Ziza saltzaileek ere nabarmentzen dute, genero ona izan arren, jende gutxiago dabilera, eta beraz, salmentak ere murritzagoak. Garai honetan propio ziza erostera etortzen den bezeroa dute feria hauetan diru iturri.
Aurten negutegirik ez dutenek genero oso mugatua darabilte, borrajak, urazak zerbak… «Gu arrautzekin bakarrik etortzen gara aspalditxoan, barazkiak? etxerako lain eta hori ere justu» zion Oreindaingo Lugarragako Kontxi Aiestaranek. Ibarrako Monteseneko negutegietan hazi diren kalabazina (2 euroan kiloa) eta erremolatxa (1,2-3 kiloan sorta) salgai zituen Arantxa Iparragirrek; «txuria eta berdea, etxeko lehenengoak, orain hilabete inguru landatutakoak».
Udaberririk gabeko urtea badirudi ere udazkenari begira jartzea ezinbestekoa da, eta ondo bidean, irailerako jateko prest izango diren brokoli, azalore eta aza kixkur landareak salgai dira jada.
Hontza egunez, kukua ixilik
«Hontza egunez oihuka eta kukua ixilik». Seinale txarra nonbait, atzo ferian entzun genuenez. Naturaren seinaleak harekin lotura bizia dutenek ederki ezagutzen dituzte. Azken urteetan jakinduri handia galdu bada ere oraindik horrelakoak aditzea tokatzen da. Esanahiari buruz berriz, seinale txarra dela jakin askok badakite eta Olaberriako Danielek kontatu digunez, «berrogei aldiko eguraldi ona edo txarra dakar horrek; orain arte nahikoa txar egin duenez, ea ona hasten den». Begoña Etxezarretari jasotako beste bat: «Birigarroak ere argi ematen du eguraldiaren berri, gure aitak ondo asko ulertzen zuen haren kantua».
- Aste honetako prezioak