Igandean jokatuko da XII. Zegama-Aizkorri mendi maratoia, eta probak berez izan ohi duen oihartzunari eguraldi txarrak eragin ditzakeen aldaketek sortu duten interesa gehitu behar zaio. Azken egunetan Aizkorrin egin duen elurrak ibilbidea baldintza zezakeela pentsarazten zuen, baina antolatzaileek jakitera eman dutenez, "igandean eguraldi txukuna espero da eta ez dago ibilbidean aldaketarik egiteko asmorik". Beraz, elurretan egin beharko dute gora eta behera parte hartzaileek, eta haiekin batera maratoia ikustera joango diren dozenaka ikuslek.
Urretxuko eta Zumarragako Ernai eta Gazte Komunistak taldeen ekimenez sortu berri da Urretxuko eta Zumarragako Langileria (UZL) taldea. Mariñe Arbeo taldeko kideak azaldu duenez «badira urte batzuk, krisiaren aitzakiarekin eta sistema kapitalista aurrera eramateko asmoarekin, boteretsuen indarra areagotuz, langileriaren eskubideak urratzen ari direla, herritar asko egoera larrian utziz». Hain zuzen, «zapalkuntza horri aurre egiteko» jaio da UZL, pentsaera ezberdinetako gazteek bultzatuta.