Udalari kontsulta deitzeko eskatu diote atez atekoa ezarri aurretik
Herriko hainbat bizilagunek sortutako Edukiontzien bidez birziklatzea bultzatzen duen Herri Ekimenak eskaera zehatz bat egin dio Ordiziako Udalari: hondakin bilketa bultzatzea eta indartzea bosgarren edukiontziaren bidez, edo bestela, atez atekoa ezarri aurretik, herriari hitza eman eta kontsulta baten bidez herritarrek erabakia har dezatela indarrean dauden proposamen desberdinen aurrean.
Ordiziako Udalak iazko udaberrian jakinarazi zuen atez ateko hondakin bilketa ezartzeko erabakia, eta maiatzean zehar sistema hori diseinatzeko prozesua garatzen ari da auzoka bilerak eginez. Udalaren asmo horren aurrean, Herri Ekimenak sinadura bilketa bati ekin zion iazko udaberrian –2.700 sinadura bildu zituen– , eta kontzentrazio bat ere egin zuen Plaza Nagusian. Atzo egin zuen, hala ere, prentsaren aurreko lehen agerraldia Herri Ekimenak, D’elikatuzen, udalari kontsultaren eskaria egiteko.
Udalaren «jarrera itxia»
«Arazoari irtenbide demokratiko bat emateko udalaren jarrera itxia ikusita», apirilean mobizazio sinboliko bat bultzatu zuen Herri Ekimenak, protesta modura etxeko leiho eta balkoietan zabor poltsak zintzilikatzeko deia eginez herritarrei. «Ikusten ari gara protesta horren jarraipena handia dela».
Gipuzkoako EH Bilduk azken asteetan egindako adierazpenei ere erreparatu die Herri Ekimenak. «Atez ateko hondakin bilketa edukiontzien bidez ordezka daitekeela esaten dute, herriaren nahia eta protesta hortik zuzentzen bada». Horren aurrean, honako galdera egin dute: «Zer gehiago egin behar dugu instant batean jasotako 2.700 sinadura eta balkoietan zintzilikatutako zabor poltsa pilez gain?».
Hori horrela izanik, Herri Ekimenak «egiaztatzen» du Ordiziako Udalak «jarrera itxia» duela, eta «herriari hitza eman gabe jarraitu nahi» duela. «Ordiziako Bilduri publikoki eskatzen diogu atez atekoa sisteman bertan behera uzteko, eta herri kontsultan emandako emaitza leialki kudeatu dezala, herritarren nahiak eta borondateak horrela eskatzen duelako».
Organikoaren giltza eskatzea
Herri Ekimenaren iritziz, presiobide honek «kezka eta kontraesanak» sortu dizkio Bilduri, eta horren aurrean, «protesta handitu eta desadostasuna azaltzeko», atez atekoaren aurka dauden herritarrei zabor poltsak zintzilikatzeko deia egin die.
Edukiontzi marroiaren giltza (organikoarena) ez duten herritarrei, berriz, giltza eskatzeko deia egin die Herri Ekimenak. «Konbentzituta gaude hau dela bide egokiena birziklatze tasa altuenak lortzeko, bizilagunen gehiengoaren nahia errespetatuz».