Desobedientzia zibila deituko du Legazpiko plataformak
Legazpiko Birziklapena bai, atez atekorik ez herri plataformak desobedientzia zibila deituko du herritarren eskubideak defendatzeko. Herri galdeketa egin eta gero, «Azpeitian, Zumaian, Ormaiztegin eta Donostian atez ateko bilketa sistema baztertu duten bitartean, Legazpin ez dela ezer aldatu» argudiatu du plataformak. Bide batez, ez dutela Legazpin «atez ateko sistemaren inolako aldaerarik» onartuko berretsi dute, «ez errefusaren, ezta organikoaren kasuan». Horregatik,eta udal gobernuak iritziz aldatu ezean, «herritarrak desobedientzia zibilera» deituko dituztela iragarri zuen atzo prentsaurrean plataformak.
Zintzilikariorik ez fatxadetan
Plataformaren helburua hondakin guztiak edukiontzi bitartez jasotzea da. Horregatik, atez ateko bilketaren aurka kanpaina bat jarriko dute martxan. Hasteko, fatxadetan zintzilikarioak jartzea eragozteko herritar bakoitzak bete beharreko dokumentu bat landu dute legean oinarrituta, «Lezon jazo diren istiluak» saihesteko. Dokumentu horien berri herritarrei emateko, informazio mahaiak jarriko dituzte ostiraletan eta larunbatetan. Ondoren, plataformak berak aurkeztuko ditu eskakizunak udaletxean. Horrekin batera, «gutxi barru» beste manifestazio bat antolatuko dutela jakinarazi zuten atzo. Oposizioko alderdiei kanpaina honen berri eman diete eta hauen «babes osoa» dutela ere azpimarratu dute.
Udal gobernua «motel eta gardentasunik gabe» ari da jokatzen gai honen aurrean. Bilduk iritziz aldatuko balu, «Legazpi hondakinen bilketan erreferente bihurtzeko» elkarrekin lan egiteko prest agertu da herri plataforma. Kontrara ordea, «aurrean» izango dituela iragarri dute. Ekimen honekin «atez ateko sistema gaitzesten» dutela berretsi dute, «udal gobernuak argi izan dezan» ez dutela atez atekoaren «inolako aldaerarik» onartuko. Amaitzeko, legazpiarrek jada «5. edukiontziaren aldeko hautua» egin dutela gogorarazi zuen.