Enpresa handien gehiengoak egin du bat metalgintzako grebarekin
Metalgintza alorreko enpresetako langileak greba egiten ari dira gaur, eta Goierrin greba jarraipen zabala izaten ari dela zehaztu du LAB sindikatuak. CAFen, Indarren, Olaberriako Arcelorren eta hainbat enpresa txikitan bat egin dute grebarekin, ez hala Zumarragako Arcelorren. Gipuzkoan, bestalde, %85ek bat egin dute bat grebarekin –LABen datuen arabera–. LAB, ELA, CCOO, UGT eta USO sindikatuek deitu dituzte grebara metalgintzako langileak.
Goizean CAFen pikete informatiboak egon dira, sarrerra nagusian, eta lanera joan diren 30 bat langileri grebaren arrazoiak azaldu dizkiete. Gainereakoan, lasai doa eguna LABetik jakinarazi dutenez. Arratsaldean bi manifestazio egingo dituzte Goierrin: 18:00etan Beasainen eta 18:30ean Zumarragan.
Gipuzkoako metalgintzako gaurko grebaren atarian, beste deialdi bat egin zuen atzo ELAk. Astebeteko lanuztea antolatu du sektorean, eta, Gipuzkoan ez ezik, Araban eta Bizkaian ere izango du eragina. Ekainaren 17tik 21era izango da. Gainerako sindikatuei, «batez ere LABi», elkarlanerako proposamena egin die.Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformaren eraginez, uztailaren 7an hitzarmen asko bertan behera gera daitezke. Data horretan balioa galduko dute gaur egungo itunek, eta dagoen kasuetan, langileei Espainiako hitzarmena aplikatzeko aukera izango dute enpresek. Metaleko itunek Gipuzkoako 50.000 langileri eragiten diete.
Gipuzkoan negoziazio mahaia ez da batzartu apirilaren 9tik, eta blokeo egoera erabatekoa da. Adegik garbi utzi du behin eta berriro «indarrean dagoen legedia» hartuko duela oinarri modura edozein negoziaziotarako; alegia, lan erreformak bere alde jarri dituen puntuei ez diela uko egingo, ultraaktibitatearen iraupenari eta hitzarmenak derrigorrean betetzeko obligaziorik ez izateari erreferentzia eginez. Horrez gain, soldatak izoztea eta lanaldian malgutasun handiagoa nahi ditu.
Enpresetako bozketen emaitzak