Mila lagun baino gehiagok parte hartu du Ordizian atez atekoa diseinatzeko prozesuan
Maiatzaren 6an eta 7an Herri Antzokian egin ziren bi batzar orokorretan Sasieta Mankomunitateak Ordiziarako proposatutako atez ateko hondakin bilketa sistema herritarrei azaldu eta gero, maiatzaren 8an auzokako bilerak egiten hasi ziren udal ordezkariak herritarrekin. Asteazkenean egin zen parte hartzeko 12 bileretan azkenekoa, eta denera mila lagunetik gora herritarren parte hartu dutela jakinarazi du udala.
Datu horiek “oso arrakastatsutzat” jo ditu Ordiziako Udalak, eta udal ordezkariek “balorazio positiboa” egin zuten prozesuak eman duenaz: “Azken batean hondakinen bilketarako sistemarik eraginkorrena guztion artean ari gara diseinatzen. Ordiziako herritarrak asko ari dira inplikatzen, eta horren emaitza prozesu honek izan duen emaitza eta arrakasta”.
Ordiziako Udalak aurreratu du ekainaren 4an (euskaraz) eta ekainaren 5ean (gazteleraz) aurkeztuko duela atez ateko hondakin bilketaren behin betiko sistema nola izango den. Herri Antzokian izango dira bi aurkezpenak, 18:30ean. Tarte horretan, herritarrek egindako ekarpen guztiak aztertuko dituzte.
Aldi berean, udalak herritarrei gogorarazi die asteko bi egunetan (asteazkenetan 09:30-11:30 eta 17:00-19:00, eta ostiraletan 11:30-13:30 eta 17:00 eta 19:00) zabalik dagoela maiatzaren 15az geroztik Atez atekoaren informazio bulegoa udaletxearen azpiko lokalean. Leire Garmendia udaleko ingurumen teknikariak egoten da ordiziarren kezkak eta zalantzak argitzen. Informazio gehiago: 608 675 791 telefono zenbakian edo ordizia@sasieta.org helbide elektronikoan.