Proba barrutik eta kanpotik
Kronika – Alberto Mella
Munduko korrikalaririk onenak bildu dira Zegamako irteeran. Gizonezkoetan Kilian Jornet eta Luis Alberto Hernando izan dira aipagarrienak. Azken unean eta sorpresaz, Marco De Gasperi ere izan da irteeran. Emakumezkoetan, berriz, Oihana Kortazar iazko txapelduna, Emelie Forsberg Transvulcaniako irabazlea, Nuria Picas eta Silvia Serafini.
Euskaldunen artean Euskal Selekzioko kideak: Jokin Lizeaga, Aritz Egea, Oier Ariznabarreta, Hassan Aitchaou, Aitziber Ibarbia, Maite Maiora, Nerea Amilibia eta Elena Calvillo. Horiez gain lehen mailako korrikalari euskaldun gehiago ere bai: Zigor Iturrieta, Gaizka Barañano, Oihana Kortazar, Uxue Fraile…
Gizonezkoen lasterketa Marco-ren erritmo gogorrarekin hasi da aurten. Laster ireki du aldea eta berak bakarrik iritsi da Aratzeko gainera. Atzetik Kilian eta Hernando; Marco kontrolatzen ari ziren eta baita bata besteari ere. 20. kilometroan Marco-k lasterketa utzi du eta bien artean geratu da lehia.
Kilian-ek tartea ireki duen arren, Andraitzeko gainean 18 segundoko aldea besterik ez zuen Hernandorekin. Handik metara 10 kilometro beheraka egin behar zituzten baina Kilianek argi utzi du bera dela gaur egun munduko korrikalaririk onena, eta estu izan arren, 12 segundoko aldearekin irabazi du 2013ko Zegama-Aizkorri maratoia.
Nesketan Stevie Kremer izan da hasieratik erritmoa jarri duena. Aratzeko gainean bera izan da lehena, lau minututara Emelie Forsberg eta atzetik Silvia Serafini. Forsbergek oso indartsu dagoela erakutsi du eta Aizkorri eta Andraitz bitartean tarte guzti hori kendu dio Kremerri. Handik metara lehen postua erraz mantendu du Forsbergek. Lasterketa guztian desagertuta egon arren, atzetik aurrera egin du eta 2. postuarekin egin da Picas. Kremer-ek hirugarren postuarekin konformatu behar izan du.
Niri dagokidanez eguraldi bikaina korrika egiteko, eguzkia baina bero handiegirik ez. 09:00etan puntuan (elizako kanpaien soinuarekin) abiatu gara Zegamako plazatik, Titans abestia topera jarrita dagoela. Gaurko helburua indarrak bukaerarako gordetzea.
Otzaurtera bidean piano-piano gustura joan naiz, bertatik 41.minututan igaro naiz, iaz baino hobeto eta sentsazio oso onekin. Atabarreta bidean ezker hankako mina izan dut, baina ez da kontu berria; Oihana Kortazar aurreratu dut, eta seinale ona da niretzat. Hankako mina ahazten hasita nengoela, irrist egin eta belauna harri baten kontra jo dut. Aratz ere aurreikusitako denboran igaro dugu, bi orduren azpitik. Atera naizen aurreko bi edizioetan eguraldi oso txarra egin du eta gaur disfrutatu dut benetan Sancti Spirituko jendetzaz. Izugarria izan da, ez nuen bidea ikusten, eta jendea irekitzen joan da pasatu ahala. Ezagun asko animatzen, eta gainerakoak ere berdin; zati horrengatik bakarrik merezi du lasterketa honetan parte hartzeak.
Konturatu gabe aldapa osoa igo eta Aizkorrin gora noa. Aurretik Goierriko erreferentzia onak ditut eta hori seinale ona da. Baina igoeraren erdian gorputzak ezetz esan eta gelditu egin behar izan dut. Oso ondo nengoen minutu bat lehenago eta!! Hor hasi dira nire penak. Aizkorri gainera inoiz baino lehenago iritsi naiz, baina hutsik nengoen, eta hori inoiz baino gehiago jan eta edan dudala. Goiko animoak ez ditut disfrutatu, jendetza egon arren. Goran lau minutu egon ostean, jarraitzea erabaki dut. Kresterioa ahal bezala igaro eta Urbia inguruan buelta ematen hasi naiz eta Andraitzeko gainera hobeto igotzea lortu dut. Handik behera hobeto sentitu naiz eta postu batzuk aurreratzea lortu dut.
Azkenean sentsazio arraroak: Sancti Spiritura arte izugarri disfrutatu dut, ibilbideaz, giroaz, jendeaz…. Baina handik metara sufrimendua. Azkenean nire denbora 5 ordu 18 minutu izan da; marka diskretua Goierrin dugun nibelarekin alderatuta.