Gipuzkoako PSE-EE alderdiak Batzar Orokorretan Zumarragarekin lotutako eskaera egin dio Foru Aldundiari: «San Isidro auzoan dagoen zubia konpontzea Zumarragako Udalak auzoa eraberritu ahal izateko». Eneko Andueza sozialistak egin du eskakizuna mugikortasun eta bide azpiegitura batzordeko bozeramailea baita, «Aldundiak eta Zumarragako Udalak ekintza egutegi bat zehaztu behar dute Eitzagako auzoaren eraberritze lanak egin ahal izateko». Anduezak San Gregorio eta San Isidro arteko zubia «birmoldatzeko proiektua idaztea» eskatu dio aldundiari, eta Zumarragako Udalarekin batera «lanen egutegia zehaztu» dezala.
Euskal gehiengo sindikalak 2009tik deitutako seigarren greba orokorra izango da ostegunekoa. Greba deialdia Euskal Herriko sindikatu gehienek egin dute –ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU eta CNT–. Grebak krisi ekonomikoaren aurrean Gasteizko, Iruñeako zein Madrilgo gobernuen politikei kontra egiteko «modu bakarra borroka eta mobilizazioa» direla agerian utzi nahi du. Horrez gain, «urrunago joan eta alternatiba bat eraiki behar» dela diote sindikatuek, «lehen urratsa Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna burutzea izango da».