San Benito ikastola: mende erdia, ospakizun betea
Lazkaoko San Benito ikastolak asteburuan ospatu du sortu zuteneko 50. urteurrena. Bi egun bete izan dira. Larunbatean —Ikastolaren Eguna izendatuta zegoen— jolasak izan ziren gehienbat; goizean haurrentzat, eta arratsaldean gazte nahiz gurasoentzat. Taloa janez eta sagardoa edanez borobildu zuten lehen jardunaldia. Igandean, Areria antzokia jendez beteta zela burutu zen urteurreneko ekitaldi nagusia. Ikastolak hasierako ikasle, irakasle eta gurasoak omendu zituen.
Duela 50 urte, 1963an Goierriko lehenbiziko ikastola Lazkaon sortu zutenei «ausardia» aitortu diete ondorengo ikasle, guraso eta irakasleek. «Honelako abentura batean hasteko ausardia eduki zenuten, zer gertatuko zen jakin gabe, sinistu eta bultzatu zenuten», esan zien lehen taldeko ikasle batek, herenegun, San Benito ikastolaren bultzatzaileei. Ekitaldi nagusia igande goizean egin zen, Areria antzokia beteta zela. Festa giroko ekitaldi gehiagorekin oroitu dute mende erdiko historia, bi egunetan.
Sorrera «garai ilunetan» izan zuen Lazkaoko ikastolak, Frankismo bete-betean. «Ekinez eta eginez gainditu dira garai ilunak. Fruitua eman du lan horrek», esan zuen aurkezleak. Goierriko lehenengoa eta Gipuzkoako aurrenekoetariko ikastola izan zen Lazkaokoa. 1969an ixteko agindua ekarri zuen Guardia Zibilak. 1970ean ireki zuten berriz, beneditarren babespean. 1973an Mikelar auzoko eraikina altxatu zuten, auzolanean. 80ko hamarkadan 8. mailara arte lehenik, eta batxilergo osoa ondoren ematea lortu zuten. Harrezkeroz, jaioberrietatik 18 urtera arteko hezkuntza eskaintza osoa ematen du San Benitok. 1998an, San Prudentzio ikastetxe publikoa desegin egin zen, eta ordutik ikastola da Lazkaoko ikastetxe bakarra. 2003an Kilometroak jaia ospatu zuten. Egun euritsu hartan bildutako diruarekin, eskola publikoarena izandako eraikinean hazte lanak egin zituzten.
Jaxinto Fernandez Setieni, gurasoei eta irakasleei omenaldia
Hasieran ideia izan eta egikaritu zuen Jaxinto Fernandez Setien apaiz urnietarra omendu zuen, igandean, San Benito ikastolak, aurrena. Ikastolaren bultzatzaile nagusiak ez zuen ekitaldira joaterik izan, eta haren iloba Arantxa Fernandezek hartu zuen oroigarria, osabaren hitzak oroituz: «Ikastolen sorreraz airtzen ginenean, hark esaten zidan meritua ez zela berea, guraso eta irakasleena baizik. Gurasoek egin zutela lana. Hainabat omenaldi proposaturik, ezezkoa eman zuen. Baina komentatu nionean Lazkaoko omenaldia zela eta ni etortzeko proposatu zidatela, animatu egin niduen», esan zuen Arantxa Fernandezek.
Fernandez Setienek ikastolan sartu zituen lehen bi irakasleak ekitaldian ziren, Marixabel Aldasoro eta Mari Karmen Eizagirre. Hunkituta eta gurasoekiko nahiz Jaxinto Fernandezekiko esker onez jaso zuten gorazarrea, baita jendearen txalo zaparrada ere. Beren lanean «zoriontsu» izan direla aitortu zuten biek.
Lehen taldeko haurren gurasoak ere omendu zituen ikastolak. Lore sorta bana oparitu zieten Lehen Hezkuntzako ikasleek. Ikasleen ordezkariek hitz goxoz eta bertsoz eskertu zieten aurrekoei ikastola eraiki izana. Antxon Mendizabal Mendi artista donostiarrak egindako eskultura ere desestali zuten. Zurezko artelana da. “Hiru eskultura batean dira, nolabait. Behetik gorako zuhaitzak umea irudikatzen du, borobila eta baxutxoa. Data (1963-2013) eta San Benito ikastolaren izenaz aparte, bi heldu eta bi txiki eskutik helduta jarri ditut; ikasleak eta irakasleak ordezkatzen dituzte. Sustraietatik gora,zuhaitza; eta gero bi eskultura, geometrikoak eta abstraktuak, erdian hutsa eta espazioa dutela”, azaldu zuen Mendizabalek.
Agintariek eta ikastolaren arduradunek ere hitz egin zuten ekitaldian. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Gipuzkoako ordezkaria joan zen, baita Ikastolen Elkartearen burua ere. Azeari Andonegi alkateak, San Benito ikastolaren lehendakari Unai Zubiarrainek eta zuzendari Josune Aranburuk ere hitz egin zuten. Ekitaldia dantzarekin hasi zen, eta ikastolen ereserkia guztien artean abestuz bukatu zen.
Jolasak, dantza eta bazkaria
Larunbatean jolasen eguna izan zen. San Benitoren kantuarekin —Drindotsek aurten egokitu du abestia, 20 urteren ondoren— flashmoba egin zuten ehunka lazkaotarrek, plazan, arratsaldean. Oihana Garciak eta Oihana Sarasolak egin duten Ekinez egina liburua eta DVDa erosteko aukera izan da asteburuan, bestetik. Jende askok hartu du aleren bat. Ikastolako idazkaritzan eros daitezke aurrerantzean.
Antzerkia ere egin zuten, larunbat eguerdian. Ikasleek ikastolaren historia irudikatu zuten, hasieratik gaur eguneraino. Tren bidaia bat izan zen haria, hain zuzen Ekinez egina liburuan oinarrituta.
Igandean, ekitaldiaren ondoren, 450 lagunek plazan bazkaldu zuten. Drindotsen dantzaldiarekin bukatu zen urteurreneko festa. Datorren larunbatean, ekainak 1, Goierriko I. Rallyesprinta jokatuko da, San Benito ikastolaren alde, Lazkao-Gaintza-Zaldibia bitartean, 14:00etan hasita.