Beasain, zinemagile gazteen harrobi
Film laburren lehiaketari esker, Beasain zinemagile gazteen harrobi bilakatu da. Izan ere, lehiaketa honek 12 eta 30 urte bitarteko dozenaka gazte pelikulak grabatzen jarri ditu. Aurtengoa hirugarren edizioa da. Gazteek bi mailatan parte hartuko dute: alde batetik 12 eta 18 urte bitartekoak egongo dira, eta bestetik 18 eta 30 urte bitartekoak. Lehen kategorian Beasaingo ikastetxeetako ikasleek bakarrik parte har dezakete. Bigarrenean, Euskal Herri osoko gazteek.
Film laburrak formatu digitalean aurkeztu behar dira, soinuarekin. Gaia eta generoak libreak dira. Gutxienez minutu bat eta gehienez 15 minutu iraun behar dute, eta lanak euskaraz izan behar dira.
DVDak aurkezteko azken eguna bihar da eta Beasaingo Udalaren Kultura eta Euskara sailera eraman behar dira. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 21ean izango da.
Ainhoa Esnaola eta Ainhoa Rodriguez beasaindarrak izan dira herriko gazteak pelikulak grabatzen jarri dituztenak. Bi neska hauek Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua ikasi zuten Mondragon Unibertsitatean. Ikasketen barne, bi enpresa sortu eta horiekin egitasmoak martxan jarri zituzten.
Euren jaioterrian zer edo zer egiteko gogoa zuten eta film laburren lehiaketa antolatzea erabaki zuten. «Zinea eskoletan lantzea ideia polita iruditu zitzaigun. Izan ere, idazlanak betidanik egiten dira, baina film laburrak ez. Horiekin teknologia berriak, euskara eta talde lana lantzen dituzte», aipatu du Esnaolak.
Urtero 25 bat lan jasotzen dituzte: hamabost bat Beasaingo ikastetxeetako ikasleek egindakoak eta beste hamar bat Euskal Herri osoko gazteek bidalitakoak.
Beasaingo ikasle asko pelikuletan oinarritzen dira euren lanak egiteko. Esnaolak film «interesgarriak» jasotzen dituztela esan du.
Aurtengo lehiaketara aurkeztutakoak ekainaren 21ean emango dira eta lanik onenen egileek Euskal Herrian antolatzen diren zinemaldietarako sarrerak irabaziko dituzte.