«Beste kontsumo eredu bat bultzatzea da asmoa, azpiegitura handietatik ihesi»
Legazpin kontsumo taldea sortzeko azken hilabeteetan egindako lanak bere fruituak eman ditu. Oraindik taldea guztiz egituratu ez bada ere, 34 kontsumitzaileko taldea osatuta dago, eta herriko zenbait ekoizlerekin ere lanean hasteko konpromisoa hartu dute. Helburua bikoitza da: bertako produktuen kontsumoa bultzatzea, eta herriko baserrietako ekoizleei euren produktuak saltzeko aukerak zabaltzea.
Zer da kontsumo talde bat?
Elikadura burujabearen filosofia dago oinarrian, eta EHNE baserritarren sindikatuak eta Biolur elkarteak bultzatutako ekimena da. Kontsumitzen dugun hori non erein den, zein kalitatekoa den eta zein baldintzatan hazi den jakitea, alegia. Beste kontsumo eredu bat bultzatzea da asmoa, azpiegitura handietatik ihesi. Kontsumo taldea bertako produktuak kontsumitzeko prest dauden herritarrek eta ekoizleek, hau da, bertako baserritarrek, osatzen dute. Bi aldeen arteko harreman zuzena eta konpromisoa dira taldearen oinarria.
Nola sortu zen Legazpin kontsumo talde bat sortzeko ideia?
Legegintzaldia hasi berritan, bertako baserritarrek euren produktuak merkaturatzeko zituzten zailtasunak ikusita, kezka zegoen Nekazaritza batzordean. Aurreko legegintzaldian, eta baita honetan ere, arazo honi irteera bat emateko zerbait egiteko asmoa egon da. Hasieran baserriko produktuak saltzeko denda bat zabaltzeko ideia atera zen. Baina segituan bota baigenuen atzera, udaletxeko teknikariekin gaia aztertuta, ez zela bideragarria ikusi genuen. Horretan geundela Urretxun kontsumo taldea sortu zen, eta herrian ere horrelako zerbait egitea egoki ikusi genuen.
Nondik hasi zineten?
Urretxun kontsumo taldea sortzeko egin zen lehenengo bilerara joan ginen. Gero, ekoizleak bilatzeari ekin genion, baina ez genuen arrakastarik izan, ez genuen baserritarren erantzunik jaso. Orduan, EHNE sindikatuarekin jarri ginen harremanetan, gaia nola bideratu jakiteko. Haiek, beste aldetik hasteko gomendatu ziguten, eta horrela, produktuak erosteko prest leudekeen 34 kontsumitzaile identifikatu genituen.
Kontsumitzaileak bilduta, ekoizleak bilatzea izango zen hurrengo pausoa, ezta?
Bai. Taldea sortu eta zenbait bilera egin genituen. Azkenean, interesatuta zeuden 3 edo 4 ekoizlerekin harremanetan jartzea lortu genuen. Ezkio-Itsasoko Gorka Sasietaren baserrira bisita egin genuen. Bera da Urretxuko kontsumo taldeko ekoizleetako bat, eta taldeek nola lan egiten zuten ikusi genuen bertatik bertara.
Ekoizleren bat edo beste animatu zen orduan?
Mirandaolako San Migel baserriko Gorka eta Igor Iñurritegi anaiak animatu dira, azkenean. Hasiera batean, 15 bat kontsumitzailerentzako ekoizteko konpromisoa hartu dute. Ez da lan erraza, oso lotua da eta konpromiso maila handia eskatzen duena.
Zer gertatuko da gainontzeko kontsumitzaileekin?
Legazpiko beste baserritar bat ere animatzekotan da, baina bere erantzunaren zain gaude. Bestela, Errezilgo bikote bat prest egongo litzateke gainontzeko kontsumitzaileentzako produktuak ekoizteko. Hala ere, itxaron egingo dugu, momentuz. Izan ere, kontsumo taldeen beste ezaugarrietako bat, bertako ekoizleekin lan egitea da.
Behin taldea martxan, nolakoa izango litzateke antolaketa?
Kontsumitzaileok 43 bat euroko kuota ordainduko dugu hileko. Trukean, baserritarrak astean behin garaian garaiko barazkiekin saski bat ekarriko dio kontsumitzaileari. Tartean, baserrira bisitak ere antolatzen dira, nola lan egiten duten ikusi eta bertan laguntzeko.
Informazio gehiago: kontsumotaldealegazpi@gmail.com posta elektronikoan.