Goierriko I. Rallyesprinta jokatuko da bihar, Lazkaoko San Benito ikastolaren alde
Euskal Herriko automobilismo denboraldian, bihar jokatuko da Lazkaon estreinako Goierriko I. Rallyesprinta. San Benito ikastolaren alde antolatu dute, 50. urteurrenean. Herriko zaletuak eta Euskal Automobilismo Federazioa aritu dira lanean. Lazkao, Zaldibia eta Gaintza zeharkatuko ditu bide-zatiak (15,88 km).
Rallyesprinten txapelketako bosgarren proba da. Irteera Lazkaon izango du, hilerriaren parean. Lazkaomendi igo, Zaldibiara Mirandako aldapatik jaitsi, handik Larraitzerako errepidea hartu, bidegurutzean Gaintzara jarraitu, eta Zaldibian bukatuko da bide-zatia, Ordiziarako bidegurutzea baino goraxeago.
Rallyesprinta 14:00etan hasiko da, eta hiru aldiz osatu beharko dute ibilbidea. 14:00etan, 16:00etan eta 18:00etan ezarri ditu antolakuntzak irteera orduak lehen kotxearentzat. Zirkuituko errepideak 13:00etan itxiko dituzte, eta 19:45a aldera zabaldu.
Guztira 71 talde daude izena emanda: 57k abiadura sailean parte hartuko dute, eta 14k sport erregulartasunean. Egutegia osatzen ari diren pilotu onenak Goierriko Rallyesprintean izango dira. «Proba interesgarria da. Ia gidari guztiak datoz. Bosgarren proba da, eta borroka dago aurrealdean. Ikusleentzat karrera-egun ona izango da», esan du Gipuzkoako Automobilismo Federazioaren lehendakari Iñigo Cuestak. Lasterketa «selektiboa» izatea aurreikusi du.
Izena emanda daude Iban Tarsicio, Ander Arana edo Joxe Labaka, sailkapeneko lehen hirurak, adibidez. Jon Davozek eta Iker Gayosok osatuko dute Mitsubishidunen multzoa.
Goierritarren artean, Egoitz Mujika (5. sailkatua), Iñaki Sarasola, Iñigo Izuzkiza, Mikel Berasategi, Iker Juez edo Xabat Goikoetxea irteeran izango dira, besteak beste. Egiaztapen administratiboak CAFen aparkalekuan egingo dituzte, eta ikuskapen teknikoak Lazkaoko plazan. Parke itxia ere plazan kokatuko dute.
eaf-fva.net), aparkalekuen, sarbideen eta toki ikusgarrienen berri emateko. Sarrera 10 euro da, 12 urtez behekoentzat doan.
Goizean auto klasikoak
Rallyesprintaren aurretik, eguna auto klasikoen erakusketa batekin hornituko dute. 10:30etik aurrera, ibilgailu zaharrak jarriko dituzte Lazkaon plazan. Aldagaien azokatxoa ere egongo da. Goierrin barrena txangoa egin, eta 13:00ak aldera atzera Lazkaon elkartuko dira. Bazkalondoan beste bira bat egin, eta autoak plazan utziko dituzte, ikusteko.
Rallyesprinteko sariak 20:00etan banatuko dituzte, Lazkaoko plazan.
Ikusleentzat oharrak
Proba berria izanik, hainbat aholku eman ditu Euskadiko federazioaren lehendakari Angel Gurrutxagak ikusleentzat. Segurtasun arauak errespetatzeko deia egin du, eta debekatutako lekuetan ez jartzeko eskatu. Komisarioei kasu egin, ingurua lehen bezala utzi —zaborrak norberak bereak jasota—, eta auzotarren jabetzak errespetatu behar dira.
Ikusleentzat gida-liburua euskal federazioaren webean dago (