Ordiziatik Bilborako bidea monozikloz presoen eskubideen alde
Bihar ekingo dio Jon Lekuona ordiziarrak monozikloz Ordiziatik Bilborainoko bideari. “Euskal presoen eskubideen alde” 80 kilometrotik gorako bidea egingo du gurpil gainean. Goizeko 4:00etan abiatuko da Ordiziako herrikotik eta iluntzeko 20:00ak aldera espero du iristea Bilboko Erronda kaleko herrikora.
Otsailean eman zion hasiera ordiziarrak elkartasunez beteriko ekimen berritzaileari. Astebururo presoen senideek espetxera egiten duten bidea irudikatuko du. “Jakitun da errepidean sufrimendua eta neke fisiko zein psikologikoa bidelagun izango dituela”, diote Herrira mugimendukoek.
Otsailaren 3an Ordiziatik Iruñearaino joan zen monozikloz euriari, kazkabarrari eta elurrari aurre eginez eta apirilaren 14an Gasteizerainoko bidea egin zuen. Hasieratik bidelagun izan du Beñat Otegi ordiziarra ere. Donostia, Baiona eta Maulerainoko bidea egingo du aurrerago.