Puntako taldeak hartuko ditu Ordiziako IX. Haurugby torneoak
Ordiziako Errugbi Elkarteak antolatuta, Haurugby torneoaren bederatzigarren edizioa jokatuko da bihar. Euskal Herritik Getxoko, Hernaniko, Gasteizko eta Donibane Lohizune – Ziburuko taldeak etorriko dira. Hala ere, frantziar estatuko, Madrilgo zein Kataluniako hainbat taldek ere hartuko dute parte.
Hain zuzen ere, Ordiziako Altamira estadioan eta Beasaingo Loinaz zelaian bertako zein nazioartetik iritsitako 14 eta 15 urte bitarteko gaztetxoen puntako taldeak arituko dira nor baino nor. Klubak errugbirako zaletasuna Ordiziatik Goierri osora zabaltzeko duen helburua dela-eta eraman du torneoa Beasainera ere.
Taldeak lauko hainbat multzotan banatuta hamar minutuko partiden lehenbiziko fase bat egingo dute 10:00etan hasita. Emaitzen arabera talde bakoitzak lehen, bigarren, hirugarren edo lauguarren postua izango du multzoka. Hala, bigarren fase batean postu berekoak elkarren aurka arituko dira.
Bazkalondoan, 14:00etatik aurrera, Altamiran jokatuko den azken fasean hobekien aritzen dena izango da irabazlea. Jarraian garaikurren banaketa eta hirugarren denbora egingo dute Otegi Enean 16:30etik aurrera.
Torneoaren aurreko edizoetan Oloron, Biarritz Olympique, Aviron Bayonnais edo Kataluniako Selekzioak irabazi izan dute.