Itsasondoko Herri Plana garatzen hasiko da udala, herritarrak partaide direla
Itsasondok badu urte batzuetarako Herri Plana . Urtebeteko gogoeta eta azterketa prozesuaren ondoren, gorpuztu dituzte lan ildoak. Larunbatean aurkeztu zuten jende aurrean egitasmo berria. Herritarrek parte hartu dute diseinuan, arlo desberdinetako ideiak hiru lan-taldetan landuta.
Iazko udaberrian ekin zioten Itsasondo ekinez egina prozesuari. Hurrengo urteetarako herri plana osatzea zen helburua, baita herritarrek herrigintzan parte hartzeko ohitura indartzea ere.
2004-2005 urteetako Agenda 21 lanketan eta handik atera zen ekintza planean oinarritu da udala hausnarketa-fase honetan ere. Plan berri bat behar zela ikusi zuen iaz, aurrekoa agortuta zegoelako. Batez ere, «Itsasondon herria piztu» beharra sumatu zuten; «herri izaera landu, herri kohesioa indartu eta herri bizia landu» nahi izan dituzte 12 hilabeteotan.
Gaiak hiru multzotan bereizi, eta talde banak jorratu ditu ideiak aurrera begira. Herri Bizitza, Ongizatea eta Lurralde Antolamendua deituriko lan-taldeek hiruna bilera egin dituzte.
Aurrerantzean ere jarraituko dute lanean. Hilero elkartuko dira, eta talde bakoitzean udaleko langile batek parte hartuko du. Egunerokotasunean sortzen diren gaiez gain, planean jasotako ekintzak lehenetsi eta garatuko dituzte, «aurrekontuak prestatzeari begira». Hala, urrirako edo azarorako, lan-talde bakoitzak 2014rako zer ekintza proposatu dituen aurkeztuko du, ondoren udalak onar ditzan.
«Hemendik aurrera, Itsasondoko Udalarentzat erronka bere kudeaketan herritarren parte-hartzea txertatzea izango da», dio Herri Planaren prozesua gidatu duen aholkularitzak.
Aurten eredu eta egutegi jakin batekin proba egingo dute, «ongi funtzionatzen badu, aurrera begira ere jarraitzeko asmoarekin».
Prozesuaren faseak
Hamabi hilabetean zehar, hainbat zati izan ditu prozesuak. Sei une bereizi dituzte, Laia ingurumen zerbitzuen enpresak gidatuta. Prestaketa garaian talde eragile batek lan egin zuen, batez ere. Diagnostikoa egiteko herritarrei elkarrizketak egin zizkieten, ondoren, iritzia jasotzeko.
Itsasondoarrekin bilerak antolatzea izan zen hurrengo urratsa, aipatutako hiru lan-taldeetan bereizita. Herriko hutsuneak aztertu zituzten, eta konpontzeko zer egin zitekeen pentsatu, baita lehentasunak ezarri ere.
Herritarrek esandako gaiak udal teknikariek aztertu zituzten jarraian, laugarren urratsean. «Ekarpenen bideragarritasuna aztertu zuten, landu eta ordenatu». Azken aldera, berriz, parte-hartze metodologia zehaztu dute, udalaren funtzionamenduan herritarren partaidetza nolakoa izan daitekeen baloratzeko. Bukaeran, emaitzak azaldu, prozesua baloratu eta «egindako lana ospatu» dute.
Funtzionamendu aldetik, talde eragilea, komunikazio taldea —udalak eta herritarrek osatua—, herri batzarrak (hiru egin dira) eta lan-taldeak dira ardatzak.
Taldeen proposamenak
- Herri Bizitza. Hezkuntza aztertu; Kultura Batzordea indartu, elkarteekin; Mintzalaguna; 15 urtetik gorakoentzat bilgunea; gazteen ekintzak bultzatu; aurrekontua diseinatu.
- Ongizatea. Langabeentzat formazioa; herriko lan poltsa; obretan herritarrak hartzeko baldintzak; gizarte zerbitzuen diagnosia egin; bakarrik bizi diren adinekoen azterketa; Berdintasun Plana indartu; krosa antolatu; udala-medikua harremana; gimnasioa sortu.
- Lurralde Antolamendua. Etxebizitza plana, etxe hutsen alokairua; herriguneko enpresak atera eta eskola han jarri; herri-bideen mapa, bideak garbi mantendu; ibilbideak zehaztu, ondarea ezagutzeko; zuntz optikoa jarri; espaloiak berritu; igogailu/eskailera mekanikoak.