Antioko interpretazio zentroaren inaugurazioa atzeratu du Mikel Serrano Zumarragako alkateak. Hasiera batean Santa Isabel egunerako zentroa irekita egongo zela iragarri bazuen ere, hainbat baldintza tarteko inaugurazioa «uztailean» izango dela esan du, baina ez du data zehatzik aurreratu. Edozein modutan, Santa Isabel egunerako, uztailak 2, «prest dauden zerbitzuak irekiko ditugu»; zerbitzu horiek zehazki zeintzuk izango diren ere ez du esan.
Hogeita hamalaugarren urtez ospatuko da datorren igandean Dantzari Txiki Eguna Urretxun. Lurra dantza taldearen ardura izan da hasieratik jaialdi hau antolatzea. Juan Luis Elgarresta, Lurrako kideak gogoratzen duenez, «hasieran aldarrikapen kutsua» zuen festa bazen ere, gaur «asko aldatu» da. Euskal folklorearen adierazpen izaten jarraitzen du egun honek, baina gehiago da «haurrek urte guztian ikasitakoa erakusteko» agertoki bat, beste ezer baino.
Euskal Herriko hainbat eragilek I. Alde Hemendik Eguna izendatu duten protesta-eguna egingo dute hainbat herritan larubnatean "atzerriko indar okupatzaileen presentziaren kontra". Ordizian ere antolatu dituzte ekitaldiak egun horretarako: 18:00etan tortura testigantzen inguruko bideo emanaldia egingo dute gaztetxean eta 19:30ean manifestazioa udaletxe aurretik abiatuta.
Asko izan dira 70eko hamarkan hasita arrazoi politikoak direla medio ihes egin behar izan dutenak; gaur egun 500 bat iheslari politiko daude, horietako 100 inguru Ipar Euskal Herrian. Ezkututik atera eta hitz egitea erabaki dute. Horietako bat da Xabier Arin ataundarra. 1974. urtean ihes egin zuen Ataundik; «ihes egin beharrean gertatu ginen, oso egoera zailean, ze gogoan dut bi mila Guardia Zibilen hanka tartetik atera ginela herritik». Iparraldean zerotik hasita bizimodu berri bati ekin behar izan zion, eta garai zailak ezagutu zituen: AAA eta GALen atentatuak, kanporatzeak, konfinamenduak, espetxeratzeak… Gaur egun lasai bizi da Azkainen. Familia, etxea eta lana ditu, baina «beti dago nahi bat edo esperantza bat, egunen batez etxera itzuli ahal izatekoa».