Nekazaria nekez ari da lanean
Eguraldia egonkortzen hasi denaren esperantzaz, nekazariek ekin diote dagoeneko hasita behar luketen lanei. Landare ekoizleentzat, hala ere, bueltarik gabeko galera handiko urtea izaten ari da; behin neurri bat hartzen dutenean landare hori ezin da saldu, gero ez duelako berdin hartzen lurrean eta ehundaka bota behar izan dituzte. Konpostarako baliatuko dira, baina ez besterik. Eta justu landare garestienak izan dira kaltetuenak, tomateak eta piperrak, adibidez.
Patxi Izagirre Montesekoaren hitzetan, «San Isidro eta San Antonio arte honetan aldatu behar izaten direla piperrak entzun dut nik beti; San Antonio da eta oraindik aire librekoak landatu gabe ditugu». Atzo landareak erosi zituztenak muga-mugan ibiliko dira, beraz.
Boilurrak edo trufak salgai
Santa Maria Kaleko ertzean, Basoa enpresakoek jarri ohi duten postuan, espezie mikologikoen aukera handia zegoen atzo: ziza, onddo, zizahori, marasmio jangarri, kardu ziza, karraspiña eta ikusmina sortu duten boilurrak. Mota askotakoak izaten dira eta eskaintzen zirenak (Tuber aestivum) udako boilurrak ziren, 6 euroan bakoitza. Ezagutu ezean nekez animatzen da jendea; sukaldaritzan adituak direnek, aldiz, laster asko botatzen diote begia.
«Niretzako hau sakratua da»
Maria Dolores Arruabarrenaren hitzak dira, izan ere, azken urte eta erdian postuen gorabeherari erreparatuz, batzuk ofizialki etortzeari utzi dioten moduan, beste batzuk astero edota markatutako erritmoari eutsi diote. Adio esan dutenetako batzuk dira Lazkaoko Maria Jesus Mujika Urteaga, Ernialdeko Izaskun Amiama eta Beasaingo Maria Dolores Arruabarrena. Azken hau bereziki uda eta udazkenean etortzen zen, eta orain, astero ferian ikusten badugu ere, «baratzean ezer askorik ez eta adinean aurrera… lasai etorriko gara hemendik aurrera. Txiki txikitatik etorri izan naiz; astoan ekartzen genuen generoa orduan eta beti gustatu izan zait. Neretzako hau sakratua da, lagunekin hitzegin eta asteroko buelta». Aldiz, postu berrien artean, 2012ko hilbeltzaren 18an hasi zenetik hor da astero Juan Ramon Lizarraga leitzarra, txarkuteri eta gaztekin; Joseba Baez idiazabaldarrak ere, berak egindako behi gaztarekin oraintxe urtea bete du. Eta bigarren asteazkenetan hortxe izaten dira Goienetxe Fundaziokoak ere aspalditxotik bidezko merkataritzako produktuak saltzen.
- Aste honetako prezioak