Zumarurretxu, 1966
Urretxuko eta Zumarragako herrien muga Urola erreka da. Zati batzuetan estalita egonik, herri batetik besterako igarobidea nabaritu ere ez da egiten. Urretxuarren eta zumarragarren arteko lehia aspalditik datorren arren, bi herriak bat egiteko saiakera bat edo beste egon da azken bi mendeetan. Guztietan nabarmenena 1966koa da, bi herrietako udalbatzen adostasunak eta bultzadak eragin baitzuen. Antonio Prada Zumarragako artxibozainak jaso du pasadizoa.
Bi herrietako biztanleen hobe beharrez egin nahi izan zuten fusioa. Liskarrik sor ez zedin, herri agintariek aldez aurretik argi utzi zuten Urretxu eta Zumarraga fusionatu egingo zirela; hau da, herri bat ez zela bestera anexionatuko.
Arrazoiak
Hobe behar horren muinean kultura eta hirigintza arrazoiak zeuden, baita ekonomikoak eta administratiboak ere. Finean, bi herrietako biztanleria hazi zenez, zerbitzuak ere biderkatu egin behar izan ziren. Ondorioz, bi herri izanda zerbitzu horietako asko eta asko bikoiztu egiten ziren halabeharrez, eta zerbitzuekin batera gastuak ere bai.
Beste arrazoi pisutsu bat izan zen, egunerokoan, bi herrietako biztanleek bizitza Urretxun nahiz Zumarragan egiten zutela: lana, osasun arreta, hezkuntza, erosketak…
1966an bat egiterako hainbat urrats eman zituzten. Lehenengo eta behin, bi udalbatzek gaia lantzeko batzorde berezia sortu zuten. Legazpi, Ezkio-Itsaso eta Gabiriarekin ere bat egitearen ideia egon zen, baina ez zen aurrera atera.
Bigarren urratsean, fusioak oreka izango zuela aintzat hartuta, herri berriaren ardatzak lau elizak izango zirela adostu zuten, baita herriaren izena ere: Zumarurretxu. Izenaren auzian Joxemiel Barandiaran eta Fausto Arozena antropologoek parte hartu zuten, besteak beste. Udaletxe berri bat eraikitzeko asmoa egon zen. Ezkutuan bandera eta jaiak ere zehaztu zituzten. Zumarurretxuko jai nagusiak Santa Lutziren bueltan izango ziren, abenduan.
Desadostasun handienak Urretxun sortu ziren. Agustin Agirre alkateak bat egitearen gaineko kontsulta antolatu zuen, baina ezkutuan boikotatu zuten. Kontsulta bertan behera geratzeaz gain, kontrako manifestazioa ere egin zuten, eta Agirrek dimisioa eman zuen. Dimisioarekin batera, haizeak eraman zuen Zumarurretxu.