Olaberrian bihartik astelehenera ospatuko dituzte San Joan jaiak
Udazkenekoen antza gehiago badute ere eguraldi aldetik, udako lehenbiziko festak hemen dira, sanjoanak. Olaberrian herriko zaindariaren jaiak izango dituzte, bihar hasi eta astelehenean bukatu. Astebukaera bete-betea izango dute. Lehenbiziko eta azkeneko egunetako ekitaldien gozatzaileak haurrak dira, haientzako moduko jarduera mordoa dagoelako.
Eskolatik udako oporrak hartzearekin batera, umeentzat jolas parkea jarriko dute, bihar goizean. Ostiral egun osoa herriko haurrei eta gaztetxoei eskainitakoa izango da.
Larunbatak kirol ukitu nabarmena izango du. Gipuzkoako Itzuliko lehen etapa jokatuko da, txirrindulari juniorrentzat. 75 kilometroko ibilbidea prestatu die Arkupe elkarteak, 10:00etan hasi eta 11:50 inguruan amaitzeko. Lierni bi aldiz, Olaberria Lazkao aldetik, Gabiria Alegia aldetik, eta Olaberria Ojarbide aldetik —Euskal Herriko Itzulia igaro zen igoeratik— dituzte etapako zailtasunak.
Itzulia bihar Aian (Gipuzkoa) hasiko da, aitzinetapa 2,5 kilometroko erlojupekarekin osatuta. Igandean Andoainen da bigarren etapa, eta astelehenean Seguran bukatuko da.
Parrillakadarako txartelak
Kirolaz gaindi, jan-edanerako aukera apartak jarri ditu Festa Batzordeak. Dagoeneko ohitura bihurtu diren arkume txuletatxoak parrillan erreta —larunbat iluntzean—, eta Eusko Label markako oilasko errea, ziriko sagardoarekin lagunduta —igandean— dastatu ahalko dira. Parrillakadarako aurrez erosi beharko dira txartelak, Zezilionean, Arrietan edo Tabernan. Helduenak 20 euro balio du, haurrenak 10 euro.
Ikurrina altxatzeko ohitura ere berreskuratuko dute. San Joan bezperan, tantaia altxatzeko asmoa dauka herritar talde batek. Iaz eten zen ohitura, duela bi urte istripu larria gertatu ondoren.
Bestetik, hiruko saskibaloi lehiaketa ere izango da, 7 urtetik 14ra arteko haurrentzat. Frontoiko orrian edo Kometa ludotekan idatzi behar dute izena.
Herriartekoa, festaren osagai
Igandea egun are eta borobilagoa izan daiteke. Gipuzkoako Herriarteko pala txapelketaren finala jokatuko du Olaberriko taldeak. Iaz jantzitako txapela defendituko dute, eta seigarren titulua eskuratzeko aukera du.
Palako finala Donostiako Atano III.a frontoian jokatuko da, igandean 11:00etan. Pala motzeko eta larruzko paleta modalitateko neurketa banak osatuko dute jaialdia. Olaberriak Andoain izango du aurkari.
Udalak autobusa antolatu du, Donostiara joateko. 10:00etan abiatuko da. Itzulitakoan, pilotariekin batera bazkaria izango da, Arrieta jatetxean. Izena biharko eman behar da, bi ekitaldietarako, udaletxean (943 88 14 34).
EGITARAUA
Ostirala (ekainak 21). Haurren eguna
- 11:00. Haurren jolas parkea.
- 13:30. Haurren bazkaria.
- 15:00. Jolas parkea.
- 17:00. Gaztetxoen bola txapelketa.
- 18:30. Txupinazoa. Buruhandiak eta trikitilariak.
- 19:30. Apar festa.
- 10:00. Gipuzkoako 24. Txirrindulari Itzuliko etaparen hasiera, jubenilak.
- 10:00. Gipuzkoa mailako plater tiro lehiaketa. Arratsaldekoa 15:00etan hasiko da.
- 11:00. San Joan pilota txapelketaren finalak. Ondoren, 29. Arkupe pala txapelketa, gomazko pilotarekin.
- 17:30. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen ikuskizuna.
- 20:30. Arkume txuletatxoen parrillakada.
- 23:00. Ibiltariak kale animazio eta su ikuskizuna.
- 10:00. Herriko plater tiraketa.
- 10:00. Bola txapelketa. Izen-ematea: 10:00-11:30.
- 12:30. Triki-poteoa, erraldoiekin eta trikitilariekin.
- 16:00. Haur jolasak.
- 17:30. Marrazki lehiaketako sari banaketa.
- 19:00. Lore bedeinkapena.
- 19:30. Ikurrina igotzea.
- 20:30. Oilasko errea eta txotxeko sagardoa.
- 23:00. San Joan sua. Musika.
- 11:00. Meza.
- 12:00. Zeba eta Lazkao abesbatzen kontzertua.
- 12:30. Hamaiketakoa.
- 13:30. Neskatxen soka-dantza, Aurtzaka taldekoekin.
- 17:00. Gaztetxoen pregoia. Gazteen saskibaloi lehiaketa.
- 17:00. Briska txapelketa.
- 18:00. Bordetxe abere zirkoa.
- Arratsaldean zehar. Baralde txaranga.